5 Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten:
–Atera iezaiozu azpikeriaz Samsoni nondik duen halako indarra eta nola harrapa dezakegun, lotu eta menderatzeko. Bakoitzak mila eta ehun zilarrezko txanpon emango dizkizugu. 16,5 Filistearren buruzagiak Jos 13,3. // Atera azpikeriaz 14,15-17.
6 Dalilak esan zion Samsoni:
–Esadazu nondik duzun horrelako indarra eta nola lotu zaitzaketen zu menderatzeko.
7 Samsonek erantzun:
–Lehortu gabeko zazpi soka berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein gizon bezalakoa izango.
8 Eraman zizkioten filistearren buruzagiek emakumeari lehortu gabeko zazpi soka berri eta lotu zuen emakumeak Samson.
9 Gelan gizon batzuk zelatan zeudelarik, Dalilak esan zion Samsoni: «Horra! Filistearrak!» Samsonek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa-haria suak ukitzean eten ohi den bezala. Eta ez zuten jakin nondik zuen halako indarra.
10 Dalilak, orduan, Samsoni:
–Barre egin duzu nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.
11 Samsonek erantzun zion:
–Behin ere erabili gabeko lokarri berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.
12 Gela batean gizon batzuk zelatan zeudelarik, lokarri berriak hartu, Samson lotu eta esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Baina Samsonek lokarri berriak ere eten egin zituen, hariak bailiran.
13 Dalilak esan zion:
–Barre egin duzu berriro ere nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.
Samsonek erantzun:
–Nire buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ehulearen ziriaz lotuko bazenitu, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango 16,13 Dirudienez, hebreerazko testuak hitzen batzuk galduak ditu hemen; antzinako itzulpenei esker osotu ahal izan da esaldia. .
14 Orduan, lo harrarazi eta buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ziriaz lotu ondoren, esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Samsonek, ordea, esnatu eta eten egin zituen ziria, ehulearen ardatza eta ehundura ere.
15 Dalilak, orduan:
–Maite nauzula diozu eta ez zara nitaz fidatzen. Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik, eta oraindik ez didazu esan nondik duzun horrelako indarra.
16 Dalila, egunero, nazkatzeraino galdezka ari zitzaionez, bizitzaz ere asperturik,
17 aditzera eman zion Samsonek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu, “nazireu” bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango». 16,17 Ez dit labanak… moztu 13,5.
|