Bibli Elkartea

Itun Zaharra
Hasiera
Irteera
Lebitarrena
Zenbakiak
Deuteronomioa
Josue
Epaileak
1 Samuel
2 Samuel
1 Erregeak
2 Erregeak
Isaias
Jeremias
Ezekiel
Oseas
Joel
Amos
Abdias
Jonas
Mikeas
Nahum
Habakuk
Sofonias
Ageo
Zakarias
Malakias
Salmoak
Job
Esaera Zaharrak
Rut
Kantarik Ederrena
Kohelet
Negar Kantak
Ester
Daniel
Esdras
Nehemias
1 Kronikak
2 Kronikak
Liburu Deuterokanonikoak
Ester Grekoa
Judit
Tobit
1 Makabearrak
2 Makabearrak
Jakinduria
Ben Sirak
Baruk
Jeremiasen Gutuna
Daniel Grekoa
Itun Berria
Mateo
Markos
Lukas
Joan
Eginak
Erromatarrei
1 Korintoarrei
2 Korintoarrei
Galaziarrei
Efesoarrei
Filipoarrei
Kolosarrei
1 Tesalonikarrei
2 Tesalonikarrei
1 Timoteori
2 Timoteori
Titori
Filemoni
Hebrearrei
Santiago
1 Pedro
2 Pedro
1 Joan
2 Joan
3 Joan
Judas
Apokalipsia


BIBLIJA.net   - Biblia interneten
Bilatu erreferentzia     Bilatu hitza
Pasartea:   

Menu trinkotua
 EAB Hautatu bertsio guztien artean   Bertsioaz Laguntza
Hizkuntza

Mateo 18-25

Mateo :Sarrera 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 11 12 13 14 15 16 17 18 19 20 21 22 23 24 25 26 27 28

Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
18
1 Hurbildu ziren ikasleak Jesusengana eta galdetu zioten:
–Nor da Jainkoaren erreinuan handiena?
18,1 Nor handiena Lk 22,24-27. Ik. 20,26+.
2 Jesusek, haur bati dei egin eta haien aurrera ekarririk, 3 esan zien:
–Benetan diotsuet: Berriro haurren antzeko bihurtzen ez bazarete, ez zarete sartuko Jainkoaren erreinuan.
18,3 haurrak eta Jainkoaren erreinua 19,14; Mk 10,15; Lk 18,17. // erreinuan sartu 5,20+.
4 Beraz, haur hau bezain txiki bihurtzen dena, hori da Jainkoaren erreinuan handiena. 5 Eta honelako haurra nire izenean onartzen duenak neu onartzen nau.
«Dohakabeak sinesmena galbidean jartzen dutenak!»
6 «Niregan sinesten duten txiki hauetakoren bat galbidean jartzen duenak
18,6 galbidean jartzen duenak: H.h., eskandalizatzen duenak; ik. Mk 6,3 oh. Ondorengo tx.etan, 10a arte, galbide = eskandalu, galbidean jarri = eskandalizatu.
,
18,6 galbidean jarri 5,29+
hobe luke errotarri bat lepotik erantsi eta itsas hondora amilduko balute. 7 Dohakabeak munduan sinesmena galbidean jartzen dutenak! Bai, nahitaez gertatu beharrekoa da hori; baina dohakabeak inoren sinesmena galbidean jartzen dutenak!
8 «Zeure eskuak nahiz oinak galbidean jartzen bazaitu, moztu eta bota; hobe duzu eskumotz edo hankamotz betiko bizitzan sartu, bi esku nahiz bi oinekin betiko sutara jaurtia izan baino.
18,8-9 Zeure eskua, begia 5,29-30. // betiko bizitza 7,14; 19,16.29; 25,46.
9 Eta zeure begiak galbidean jartzen bazaitu, atera eta bota; hobe duzu begibakar betiko bizitzan sartu, bi begiekin infernuko sutara jaurtia izan baino.
10 «Kontuz! Ez dezazuela txiki hauetako inor gutxiets. Zeren, egia esan, hauen aingeruak zeruko nire Aitaren aurpegia ikusten ari baitira etengabe.
18,10 hauen aingeruak Eg 12,15; Heb 1,14.
( 11  
18,11 Eskuizkriburik hoberen eta zaharrenetako batzuek ez dakarte tx. hau. Honela dio: Gizonaren Semea galdurik zegoena salbatzera etorri zen.
).
Ardi galduaren parabola
12 «Zer deritzozue? Gizon batek ehun ardi baldin baditu eta bat galtzen bazaio, ez ote da, beste laurogeita hemeretziak mendian utzirik, galduaren bila joango?
18,12 ardi bat galtzen bazaio Ez 34,4.16.
13 Eta aurkitzen badu –benetan esaten dizuet–, poz handiagoa hartzen du harekin, galdu ez diren beste laurogeita hemeretziekin baino. 14 Era berean, zeruko zuen Aitak ez du nahi txiki hauetako inor galtzerik.
Senide artean: bekatua, barkamena, otoitza
15 «Zure senide batek bekatu egiten badu
18,15 bekatu egiten badu: Eskuizkribu askok zure kontra eransten dute.
, zoaz berarengana eta zentzarazi bakarrean. Jaramon egiten badizu, irabazia duzu senidea.
18,15 bakarrean zentzarazi Lb 19,17; Ez 33,7-9.
16 Jaramonik egiten ez badizu, berriz, hartu zeurekin lagun bat edo bi, auzi oro bi edo hiru lekukoren aitorpenaz erabaki dadin. 17 Haiei ere jaramonik egiten ez badie, esaiozu elkarteari, eta elkarteari ere jaramonik egin nahi ez badio, izan bedi zuretzat jentil edo zergalari baten pareko.
18,17 elkartea 16,18+.
18 «Benetan diotsuet: Zuek mundu honetan lotua, zeruan ere lotua geldituko da, eta zuek mundu honetan askatua, zeruan ere askatua geldituko da.
18,18 lotu, askatu 16,19+.
19 «Beste hau ere esaten dizuet: Zuetako bik mundu honetan Jainkoari zerbait eskatzeko elkar hartzen badute, eman egingo die zeruko nire Aitak. 20 Izan ere, nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean».
18,20 han nago ni 28,20; Jn 14,23.
Barkatu ez zuen zerbitzariaren parabola
21 Orduan, hurbildu zitzaion Pedro Jesusi eta galdetu zion:
–Jauna, senide batek bidegabekeriaren bat egiten badit, zenbat aldiz barkatu behar diot? Zazpi aldiz?
22 Jesusek erantzun zion:
–Zazpi aldiz ez, zazpi milatan zazpi aldiz
18,22 zazpi milatan zazpi aldiz: H.h., hirurogeita hamarretan zazpi aldiz; nolanahi ere, esamoldeak azkenik gabe esan nahi du.
.
23 «Hain zuzen, zerbitzariekin kontuak garbitu nahi izan zituen erregearekin bezala gertatzen da Jainkoaren erregetzarekin. 24 Kontuak garbitzen hasi orduko, milioi asko
18,24 milioi asko: H.h., hamar mila talentu; 300 mila euro inguruko dirutza, morroiak inola ere ordaindu ezinezkoa.
zor zizkion zerbitzari bat eraman zioten. 25 Honek ez zuen zerez ordaindu, eta nagusiak bera, emaztea, seme-alabak eta ondasun guztiak saltzeko agindu zuen, zorra ordainarazteko. 26 Zerbitzariak, orduan, nagusiaren oinetan ahuspezturik, eskatu zion: “Emadazu astia, eta dena ordainduko dizut”. 27 Nagusiak, errukiturik, dena barkatu eta libre utzi zuen zerbitzaria.
28 «Baina zerbitzari hark, irten orduko, diru pixka bat
18,28 diru pixka bat: H.h., ehun denario; 600 euro inguru. Gutxi ez izan arren ere, hutsa da, morroiak nagusiari zor zizkion milioien aldean.
zor zion zerbitzu-lagun batekin egin zuen topo eta, lepotik heldurik eta ito beharrean, esaten zion: “Emadak zor duana”. 29 Laguna oinetara erori zitzaion, erreguka: “Emadak astia, eta dena ordainduko diat”. 30 Baina hark ezetz. Eta joan eta kartzelan sartu zuen, zorra ordaindu arte.
31 «Gertatua ikusirik, beste zerbitzariak biziki nahigabetu ziren, eta guztiaren berri nagusiari ematera joan ziren. 32 Orduan, nagusiak zerbitzari hari berriro dei egin eta esan zion: “Zerbitzari gaizto hori! Horrenbesteko zorra barkatu diat nik, erregutu didaalako. 33 Ez al huen hik ere heure lagunaz errukitu behar, ni hitaz errukitu nintzen bezala?” 34 Eta, haserre bizitan, zigorpean utzi zuen nagusiak, zor guztia ordaindu arte.
35 «Berdin-berdin egingo dizue zeruko nire Aitak, senideok elkarri bihotzez barkatzen ez badiozue».
18,35 barkatu, Jainkoak barkatzeko 6,14-15; Mk 11,25; Ef 4,32; Kol 3,13.
Galileatik Jerusalemera: irakaspenak (19,1–20,34)
Ezkontza eta dibortzioa
19
1 Hitzaldi hau amaitu zuenean, Galileatik alde egin eta Judeako mugetan sartu zen Jesus, Jordan ibaiaz beste aldera igaroz.
19,1 hitzaldiaren amaiera Ik. 7,28+.
2 Jende-multzo handiek jarraitu zioten eta Jesusek gaixoak sendatu zizkien. 3 Fariseu batzuek hurbildu eta, zertan harrapatuko, galdetu zioten:
–Zilegi al zaio gizonari emaztea edozein arrazoigatik uztea?
19,3 zertan harrapatuko 16,1+.
4 Hark erantzun zien:
–Ez al duzue irakurri Liburu Santuek diotena? Egileak hasieran gizaseme eta emakume egin zituela, alegia,
19,4 gizaseme… Has 1,27; 5,2.
5 eta esan ziela: Horregatik, gizasemeak bere aita-amak utziko ditu eta emazteari elkartuko zaio, eta biak bat izango dira.
19,5 Horregatik… Has 2,24 (1 Ko 6,16; Ef 5,31).
6 Beraz, aurrerantzean ez dira bi, bat baino. Horrela, bada, Jainkoak uztartu duena ez beza gizakiak aska.
7 Galdetu zioten:
–Zergatik eman zuen, bada, Moisesek dibortzio-agiria idatzi eta emaztea uzteko baimena?
19,7 dibortzio-agiria… 5,31; Dt 24,1.
8 Jesusek erantzun zien:
–Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako
19,8 Jainkoaren gauzetan itsu zaretelako: H.h., zuen burugogorkeriagatik.
eman zizuen Moisesek emaztea uzteko baimena, baina hasieran ez zen horrela. 9 Hona nik esan: Inork bere emaztea utzi eta beste bat hartzen badu –legearen kontra elkartuak ez badira behintzat
19,9 behintzat: Ik. 5,32 oh.
– adulterio
19,9 adulterio 5,31+.32+.
egiten du.
Ezkontza eta ezkongabetasuna
10 Orduan, ikasleek esan zioten:
–Senar-emazteen arteko lotura horrelakoa bada, ez du merezi ezkontzea.
19,10 ez du merezi ezkontzea 1 Ko 7,1-2.7-9.
11 Jesusek erantzun zien:
–Ez dira denak hori onartzeko gai, Jainkoak gai egiten dituenak baizik. 12 Batzuk ez dira ezkontzen jaiotzaz ezin dutelako; beste batzuk, giza eskuz ezinduak izan direlako; beste batzuk, berriz, Jainkoaren erregetzagatik hala erabaki dutelako
19,12 Batzuk ez dira… erabaki dutelako: H.h., Badira irenak amaren sabeletik horrelaxe jaioak, badira irenak gizonek eginak, eta badira irenak zeruetako erreinuagatik beren buruak irendu dituztenak. Irenari (grekoz eunuko) buruz, ik. Eg 8,27 oh.
. Onar dezakeenak onar beza.
Jesus eta haurrak
13 Orduan, haurrak eraman zizkioten Jesusi, haien gain eskuak ezarriz otoitz egin zezan; ikasleek, berriz, haserre egiten zieten.
19,13 eskuak ezarri 9,18+.
14 Jesusek esan zien: «Utzi haurrei niregana etortzen, ez galarazi, horrelakoek baitute Jainkoa errege».
15 Eta, haurrei eskuak ezarri ondoren, joan egin zen handik.
Jesusek gazte aberatsari dei
16 Behin batez, gazte batek Jesusengana hurbildu eta esan zion:
–Maisu, zer onik egin behar dut, betiko bizia eskuratzeko?
19,16 betiko bizia 18,8-9+; Lk 10,25.
17 Jesusek erantzun zion:
–Zergatik galdetzen didazu onari buruz? Jainkoa bakarrik da ona. Betiko bizian sartu nahi baduzu, gorde aginduak.
18 –Zein agindu? –galdetu zion.
Eta Jesusek:
–Ez hil inor, ez egin adulteriorik, ez ostu, ez egin gezurrezko testigantzarik,
19,18-19 Ez hil… Ir 20,12-16; Dt 5,16-20 (Erm 13,9). // lagun hurkoa Lb 19,18. Ik. 5,43+.
19 ohoratu aita-amak, eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala.
20 Gazteak, orduan:
–Hori guztia bete dut; zer falta dut oraindik?
21 Jesusek erantzun zion:
–Guztiz ona izan nahi baduzu, zoaz, saldu zeure ondasunak eta eman behartsuei, zeure aberastasuna zeruan izan dezazun; gero, zatoz eta jarraitu niri.
19,21 saldu eta eman behartsuei Mk 14,5; Lk 12,33; Jn 12,5; Eg 2,45; 4,34-37. // aberastasuna zeruan 6,20+.
22 Hitz hauek entzutean, atsekabez alde egin zuen gazteak, ondasun handien jabe baitzen.
Aberastasuna salbamenerako oztopo
23 Jesusek esan zien bere ikasleei:
–Benetan diotsuet: Nekez sartuko dira aberatsak Jainkoaren erreinuan.
19,23 Jainkoaren erreinuan sartu 5,20+.
24 Berriro diotsuet: Orratzaren begitik gamelua igarotzea errazago, aberatsa Jainkoaren erreinuan sartzea baino.
25 Hitzok entzutean, ikasleek, erabat nahasturik, honela zioten:
–Nor salba daiteke, orduan?
26 Jesusek begira-begira jarri eta esan zien:
–Gizakientzat ezinezkoa da hori, baina Jainkoak dena dezake.
Dena utzi duten ikasleen saria
27 Orduan, Pedrok esan zion Jesusi:
–Hara, guk dena utzi dugu zuri jarraitzeko. Zer izango da guretzat?
19,27 dena utzi dugu 4,20.22.
28 Jesusek erantzun:
–Benetan diotsuet: Jainkoak mundu hau berregitean, Gizonaren Semea bere aintzazko tronuan eseriko denean, zuek ere, nire jarraitzaileok, hamabi tronutan eseriko zarete, Israelgo hamabi leinuak epaitzeko.
19,28 Gizonaren Semea 8,20+. // tronu Ik. Dn 7,9.10.14. // zuek ere eseriko zarete 20,21; Lk 22,30; 1 Ko 6,2; Ap 3,21; 20,4.
29 Eta niregatik etxeak, senideak, aita, ama, seme-alabak eta lurrak uzten dituenak, ehun halako jasoko du eta betiko bizia izango ondare.
19,29 betiko bizia 18,8-9+; Lk 10,25.
30 Orain lehenengo diren asko azkeneko izango dira orduan, eta orain azkeneko direnak lehenengo.
19,30 lehenengo, azkeneko 20,16; Lk 13,30.
Mahasti-langileen parabola
20
1 «Izan ere, Jainkoaren erregetzarekin mahasti-nagusiarekin bezala gertatzen da. Goizean goiz bere mahastirako langile bila atera zen. 2 Eguneko lanaren ordainetan zilarrezko txanpon
20,2 Zilarrezko txanpon: H.h., denario; ik. Mk 6,37 oh.
bana emateko tratua egin ondoren, mahastira bidali zituen langileak.
3 «Goizeko bederatziak aldera berriro atera zen eta, beste batzuk plazan lanaren zain ikusirik, 4 esan zien: “Zoazte zuek ere nire mahastira, eta ordainduko dizuet bidezko dena”. 5 Eta haiek ere joan egin ziren.
«Atera zen berriro hamabiak aldera eta hirurak aldera, eta gauza bera egin zuen.
6 «Arratsaldeko bostak aldera ere atera zen eta, bertan batzuk geldi aurkiturik, esan zien: “Zertan zaudete hemen egun osoan lanik egin gabe?” 7 Erantzun zioten: “Ez gaitu inork lanerako hartu”. Hark, orduan: “Zoazte zuek ere nire mahastira”.
8 «Iluntzean, nagusiak mahastiko arduradunari esan zion: “Deitu langileei, eta emaiozu bakoitzari bere soldata, azkenekotik hasi eta lehenengora”.
20,8 eguneko soldata Lb 19,13; Dt 24,14-15.
9 «Etorri ziren, bada, arratsaldeko bostetakoak, eta zilarrezko txanpon bana jaso zuten. 10 Lehenengo ordukoek, txanda iritsi zitzaienean, besteek baino gehiago jasoko zutela uste zuten; baina haiek ere zilarrezko txanpon bana jaso zuten.
11 «Orduan, nagusiagatik gaizki-esaka hasi ziren; eta esan zioten berari: 12 “Azkeneko hauek ez dute ordubete besterik lan egin eta guri adina ordaindu diezu, egun osoko nekea eta beroa jasan ditugunoi adina!” 13 Baina nagusiak erantzun zion haietako bati: “Adiskide, ez dizut bidegabekeriarik egiten; ez al dugu tratua zilarrezko txanpon batean egin? 14 Tori dagokizuna eta zoaz; zuri adina eman nahi diot azkeneko honi ere. 15 Ezin ote dut neure diruaz nahi dudana egin? Ala ni ona naizelako ezinikusia didazu?”
16 «Horrela, azkenekoak lehenengo izango dira eta lehenengoak azkeneko».
20,16 azkenekoak lehenengo 19,30; Mk 10,31; Lk 13,30.
Jesusek nekaldi-piztuerak hirugarrenez iragarri
17 Jerusalemera igotzen ari zela, Jesusek hamabi ikasleak aparte hartu eta esan zien bidean: 18 «Hara, Jerusalemera igotzen ari gara, eta Gizonaren Semea apaizburuen eta lege-maisuen eskuetara emango dute; heriotzara kondenatuko dute
20,18-19 nekaldi-piztueren iragarpena 16,21; 17,22-23. Ik. Lk 24,6-7.46; Eg 10,39-40; 1 Ko 15,4.
19 eta atzerritarren eskuetara emango, hartaz iseka daitezen, zigortu eta gurutziltza dezaten; baina hirugarren egunean piztu egingo da».
Zebedeoren semeen handinahia
20 Zebedeoren emaztea bere semeekin Jesusi hurbildu eta aurrean ahuspeztu zitzaion eskabide bat egiteko. 21 Jesusek galdetu zion:
–Zer nahi duzu?
Eta hark:
–Agindu ezazu nire bi seme hauek, zu errege izatean, bata zure eskuinean eta bestea ezkerrean jar daitezela.
20,21 eskuin-ezkerretan jarri 19,28; Lk 22,30; Eg 1,6.
22 Jesusek erantzun:
–Ez dakizue zer eskatzen ari zareten. Gauza al zarete nik edan behar dudan edari saminetik
20,22 edari samin: H.h., kopa/edalontzi; ik. Mk 10,38 oh.
edateko?
–Bai, gauza gara –esan zioten.
23 Jesusek, orduan:
–Nire edari saminetik edan, bai, edango duzue; baina nire eskuin-ezkerretan eseri ahal izate hori ez dago nire esku inori ematea; nire Aitak norentzat prestatua duen, hari emango zaio.
20,23 Aitak prestatu 24,36.
Zerbitzua ikasleen lege
24 Beste hamarrak, hori entzutean, bi anaien aurka haserre jarri ziren. 25 Baina Jesusek dei egin eta esan zien: «Dakizuenez, herrietako buruzagiek menpean hartzen dituzte herriak, eta handi-mandiek beren agintea ezartzen diete. 26 Zuen artean, ordea, ez du horrela izan behar. Zuen artean handien izan nahi duena izan bedi zuen zerbitzari. 27 Eta zuen artean lehenengo izan nahi duena izan bedi guztion morroi. 28 Gizonaren Semea bezala: hura ez da etorri zerbitzatua izatera, zerbitzari izatera baizik, bere bizia guztien alde ordainsaritzat ematera».
20,28 Gizonaren Semearen zerbitzua Lk 22,27; Jn 13,13-16; Flp 2,7. // guztien alde ordainsari 26,28; Is 53,10-12; Mk 10,45; 1 Tm 2,6.
Jesusek bi itsu sendatu Jerikon
29 Haiek Jerikotik irteten ari zirela, jendetza handia zihoan Jesusen ondoren. 30 Bide-ertzean eserita zeuden bi itsu, Jesus igarotzen ari zela entzunik, oihuka hasi ziren:
–Erruki zakizkigu, Jauna, Daviden Semea!
20,30 Erruki 15,22+.
31 Jendeak gogor egiten zien, isilarazteko; baina haiek areago oihu:
–Erruki zakizkigu, Jauna, Daviden Semea!
32 Gelditu zen Jesus, dei egin eta esan zien:
–Zer nahi duzue niregandik?
33 Haiek erantzun:
–Begiak zabaltzea, Jauna!
20,33 Begiak zabaltzea 9,30; 11,5; Is 61,1-3; Jn 9.
34 Jesusek, gupidaturik, begiak ukitu zizkien, eta une berean ikusmena etorri zitzaien berriro. Eta Jesusen ondoren joan ziren.
20,34 gupidaturik 15,32+.
Jerusalemen. Jesus, fruiturik gabeko herriaren epaile (21,1–23,39)
Jesus Jerusalemen Mesias bezala sartu
21
1 Jerusalemera hurbildu zirenean, Oliamendi
21,1 Oliamendi: Jerusalemen ekialdera, hiritik hurbil dagoen muinoa, hiritik Zedron ibai-arroak bereizten duela.
inguruko Betfage herrixkara iritsirik, bi ikasle bidali zituen Jesusek, 2 esanez: «Zoazte aurreko herrixka horretara; berehala, asteme bat aurkituko duzue lotuta, eta astakume bat harekin; askatu eta ekarri niri. 3 Eta inork ezer esaten badizue, erantzun: “Jaunak behar ditu, baina berehala itzuliko ditu”».
4 Hori Jainkoak profetaren bidez esana bete zedin gertatu zen:

5 Esan Sion hiri ederrari:
Hara, badatorkizu zeure erregea,
apal eta astotxo baten gainean,
astakume baten gainean.
21,5 Esan… Za 9,9. Ik. Is 62,11.

6 Joan ziren, bada, ikasleak eta Jesusek agindu bezala egin zuten. 7 Astemea eta astakumea ekarri eta beren jantziak bizkarrean ezarri zizkieten, eta Jesus gainean eseri zen. 8 Askok eta askok jantziak zabaldu zituzten bidean; beste batzuek, berriz, zuhaitzei adaxkak moztu eta bidean hedatu zituzten. 9 Aurretik eta atzetik zihoan jendeak honela zioen oihuka:

«Hosanna Daviden Semeari!
Bedeinkatua
Jaunaren izenean datorrena!
Gora Jainko gorena
21,9 Hosanna: Ik. Mk 11,9 oh. // Gora Jainko gorena: H.h., Hosanna zeru goienetan.
!
21,9 Hosanna… 23,39; Sal 118,25-26; Lk 13,35. // datorrena 3,11+.
»

10 Jesus Jerusalemen sartu zenean, hiri osoak, asaldaturik, galdetzen zuen:
–Nor dugu hau?
11 Jendeak erantzuten zuen:
–Jesus profeta da, Galileako Nazaretekoa.
21,11 Jesus profeta 16,14+.
Tenplua herri guztientzat otoitz-etxe
12 Jesus tenpluan sartu zen, eta bertan salerosketan
21,12 salerosketan: Ik. Mk 11,15 oh.
ari ziren guztiak kanpora bota zituen eta diru-trukatzaileen eta uso-saltzaileen mahaiak irauli. 13 Eta esan zien: «Liburu Santuak dio: Nire etxea otoitz-etxe izango da; zuek, berriz, lapur-zulo egina duzue».
14 Tenpluan itsuak eta herrenak hurbildu zitzaizkion, eta sendatu egin zituen. 15 Baina apaizburuak eta lege-maisuak haserre bizian zeuden, Jesusek egiten zituen gauza harrigarriengatik eta haurrak tenpluan «Gora Daviden Semea!» oihuka ari zirelako.
21,15 Daviden semea 1,1+.
16 Eta esan zioten:
–Ez al duzu entzuten zer dioten horiek?
Jesusek erantzun zien:
–Bai. Eta zuek ez al duzue inoiz Liburu Santuko pasarte hau irakurri: Umetxoen eta bularreko haurtxoen ahotik atera duzu gorespena?
21,16 Umetxoen… Sal 8,3.
17 Eta haiek bertan utzi eta hiritik kanpora atera zen, Betaniara
21,17 Betania: Jerusalemdik 3 km ingurura, Oliamendiren ekialdeko maldan zegoen herrixka.
, eta han eman zuen gaua.
Pikondoaren madarikazioa: fedea eta otoitza
18 Biharamun goizean, berriro hirira zetorrela, Jesus gosetu egin zen. 19 Pikondo bat bide-bazterrean ikusirik, bertara hurbildu zen, baina ez zuen aurkitu han hostoa besterik. Orduan, pikondoari esan zion: «Ez bedi hiregandik gehiago fruiturik sor!»
Eta bat-batean ihartu egin zen pikondoa.
21,19 fruiturik gabeko pikondoa Lk 13,6-9.
20 Hori ikusirik, harritu egin ziren ikasleak eta galdetu zioten Jesusi:
–Nolatan ihartu da bat-batean pikondoa?
21 Jesusek erantzun:
–Benetan diotsuet: Zalantza gabeko sinesmena baldin baduzue, ez duzue pikondoarena bakarrik egingo; baizik eta «Ken hadi hortik eta amildu itsasora» mendi honi esaten badiozue, halaxe gertatuko da.
21,21 mendia tokiz aldatu 17,20+.
22 Otoitzean sinesmenez eskatzen duzuen edozer gauza lortuko duzue.
21,22 Jainkoari eskatu 18,19+.
Nondik Jesusen aginpidea?
23 Jesus tenplura joan zen, eta, irakasten ari zela, apaizburuak eta herriko zaharrak hurbildu zitzaizkion, galdezka:
–Zein aginpidez jokatzen duzu horrela? Nork eman dizu aginpide hori?
24 Jesusek erantzun zien:
–Nik ere gauza bat galdetuko dizuet; erantzuten badidazue, esango dizuet nik ere zein aginpidez jokatzen dudan horrela. 25 Joanek noren aginduz bataiatzen zuen, Jainkoaren aginduz ala giza aginduz?
Haiek honela zioten beren artean: «Jainkoaren aginduz ari zela esaten badiogu, zergatik ez genion sinetsi erantzungo digu.
21,25 Joanen bataioa 3,6+. // ez genion sinetsi 21,32; Lk 7,30.
26 Giza aginduz ari zela esaten badiogu, berriz, jendearen beldur izan behar, guztiek profetatzat baitaukate Joan».
21,26 jendearen beldur 14,5; 21,46. // Joan profeta 14,5+.
27 Beraz, erantzun zioten:
–Ez dakigu.
Jesusek, orduan:
–Ba, nik ere ez dizuet esango zein aginpidez jokatzen dudan horrela.
Seme bien parabola
28 Jesusek esan zien: «Ea zer iruditzen zaizuen. Gizon batek bi seme zituen. Batarengana joan eta esan zion: “Seme, hoa gaur mahastira lanera”. 29 Hark erantzun zion: “Ez dut nahi”; baina handik berehala damutu eta joan egin zen. 30 Bestearengana ere joan zen aita eta gauza bera esan zion. Eta hark erantzun: “Banoa, jauna”; baina ez zen joan. 31 Zuen ustez, bietatik zeinek egin zuen aitaren nahia?» «Lehenengoak», erantzun zioten.
Jesusek esan zien: «Benetan diotsuet: Zergalariak eta emagalduak zuek baino lehenago sartuko dira Jainkoaren erreinuan. 32 Izan ere, etorri zitzaizuen Joan Bataiatzailea Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz
21,32 Jainkoaren nahiari dagokion jokabidea azalduz: H.h., zuzentasunezko bidean.
, eta ez zenioten sinetsi; zergalariek eta emagalduek, ordea, sinetsi zioten. Eta zuek, hori ikusita ere, ez zarete aldatu: oraindik ez diozue sinetsi.
Nekazari hiltzaileen parabola
33 «Entzun beste parabola hau: Behin batean, nagusi batek mahastia landatu zuen eta harresiz inguratu; lurrean dolarea egin eta mahastizainaren dorrea eraiki zuen. Gero, nekazari batzuei errentan utzirik, urrutira joan zen.
21,33 mahastia Is 5,1-2.
34 Mahatsa biltzeko garaia iritsi zenean, bere morroiak bidali zizkien nekazariei, fruitutik zegokion partea jasotzera.
21,34 morroiak bidali 22,3.
35 Baina nekazariek morroiak hartu eta bata jo, bestea hil eta bestea harrikatu egin zituzten.
21,35-36 hartu eta hil 22,6; 23,37.
36 Berriro beste morroi batzuk bidali zizkien, aurrekoan baino gehiago, eta haiei ere beste hainbeste egin zieten. 37 Azkenik, bere semea bidali zien, honela pentsatuz: “Neure semeari bederen izango diote begirune”.
21,37 semea bidali Jn 3,16-17; 1 J 4,9.
38 Nekazariek, ordea, semea ikustean, esan zuten beren artean: “Oinordekoa duk! Hil dezagun eta egin gaitezen mahastiaren jabe”.
21,38 Oinordekoa duk Ga 3,16; 4,7; Heb 1,2.
39 Hartu, mahastitik kanpora bota eta hil egin zuten».
40 Jesusek galdetu zien:
–Zer egingo ote die nekazari horiei mahasti-jabeak itzultzean?
41 Erantzun zioten:
–Gupidarik gabe hilko ditu eta bere garaian fruitua emango dioten beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia.
42 Jesusek esan zien:
–Ez al duzue irakurri Liburu Santuak dioena:

Etxegileek baztertutako harria
giltzarri gertatu da.
Jaunak egin du hori,
gure begien harrigarri?

43 «Horregatik diotsuet: Jainkoaren erreinua zuei kendu eta fruitua aterako dion herri bati emango zaio. 44 Eta harri honen gainera erortzen dena lehertu egingo da, eta harri hau inoren gainera erortzen bada, txikitu egingo du
21,44 Zenbait eskuizkribuk ez dakar 44. tx. hau.
».
45 Parabola hauek entzutean, Jesus beraiengatik ari zela jabetu ziren apaizburuak eta fariseuak. 46 Hargatik, hura atxilotu nahian zebiltzan, baina jendearen beldur ziren, denek profetatzat zeukaten eta.
21,46 jendearen beldur 14,5; 21,26. // Jesus profeta 16,14+.
Ezteien parabola
22
1 Jesus berriro parabola bidez hitz egiten hasi zitzaien: 2 «Jainkoaren erregetzarekin, bere semearen ezteiak ospatzen zituen erregearekin bezala gertatzen da.
22,2 ezteiak, zorion mesianikoaren irudi 9,15; 25,1.5-6.10; Is 25,6; Ap 19,7.9.
3 Bidali zituen morroiak gonbidatuei dei egitera. Baina haiek ez zuten etorri nahi izan. 4 Berriro beste morroi batzuk bidali zituen, mandatu honekin: “Esaiezue gonbidatuei: Hara, gertu daukat bazkaria; hilak ditut zezenak eta zekor gizenduak, dena dago prest. Zatozte ezteietara”. 5 Baina gonbidatuek ez zuten jaramonik egin: bata bere sorora joan zen, bestea bere negozioetara, 6 eta gainerakoek, morroiei heldurik, irainez bete eta hil egin zituzten. 7 Sumindu egin zen erregea eta, soldaduak bidaliz, hil egin zituen giza hiltzaile haiek eta su eman herriari. 8 Gero, bere morroiei esan zien: “Ezteiak prest daude, baina gonbidatuak ez ziren gai. 9 Zoazte, bada, bidegurutzeetara eta deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak”. 10 Atera ziren morroiak bideetara eta aurkituriko guztiak bildu zituzten, on nahiz gaizto. Eztei-gela bazkaltiarrez bete zen.
22,10 on nahiz gaizto 13,37-43.47-48.
11 Erregeak, bazkaltiarrak ikustera sartu zenean, eztei-jantzirik gabe zegoen bat ikusi zuen, 12 eta esan zion: “Adiskidea, nola sartu zara hemen eztei-jantzirik gabe?” Hark hitzik ez. 13 Erregeak mahai-zerbitzariei esan zien, orduan: “Lot ezazue hanka eta esku, eta bota kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango da han”.
22,13 Ik. 8,12+.
14 Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino
22,14 Zeren gehiago baitira deituak aukeratuak baino: H.h., Zeren asko baitira deituak, baina gutxi aukeratuak. Esamolde semitiko honen esanahia testuan emandakoa da.
».
Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari
15 Fariseuek elkar hartu zuten, Jesusi galdera bat eginez tranpa jartzeko.
22,15 tranpa jartzeko 16,1+.
16 Beraz, ikasle batzuk bidali zizkioten, Herodesen alderdikoekin, galdetzera:
–Maisu, badakigu egiazale zarena eta Jainkoaren bidea behar bezala irakasten duzuna; inoren zeresanak ez dizu axolarik, ez baitiozu begiratzen gizakiaren itxurari. 17 Emaguzu, bada, zeure iritzia: zilegi al da Zesarri zerga
22,17 zerga: Ik. Mk 12,14 oh.
ordaintzea, bai ala ez?
18 Haien maltzurkeria igarriz, Jesusek esan zien:
–Zergatik zatozkidate zirika, itxurazaleok?
22,18 itxurazale 6,2+.
19 Ea, erakutsi zerga-txanpona.
Haiek denario
22,19 denario: Ik. Mk 6,37 oh.
bat aurkeztu zioten. 20 Jesusek galdetu zien:
–Norenak dira irudi eta izen hauek?
21 Erantzun zioten:
–Zesarrenak.
Jesusek, orduan:
–Eman, bada, Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari.
22,21 Zesarrena Zesarri Erm 13,6-7.
22 Harriturik gelditu ziren erantzun honekin, eta Jesus bertan utzi eta alde egin zuten.
Hildakoen piztueraz
23 Egun berean, saduzear batzuk hurbildu zitzaizkion Jesusi. Hauek ez dute sinesten hildakoak pizten direnik. Eta honela galdegin zioten:
22,23 saduzearrak eta hildakoen piztuera Eg 4,1-2; 23,6-8.
24 –Maisu, Moisesek esan zigun: Gizon bat seme-alabarik gabe hiltzen bada, haren anaia alarguntsarekin ezkonduko da, anaiari ondorengoa emateko
22,24 Dt 25,5-10 pasartean azaltzen den Lebiratu deituriko legean oinarritzen dira saduzearrak piztueraren kontrako beren iritzia argudiatzeko; lege horri buruz, ik. Dt 25,5 oh.
. 25 Behin batean, baziren gure artean zazpi anaia. Zaharrena ezkondu eta seme-alabarik gabe hil zen eta anaiari utzi zion emaztea. 26 Beste horrenbeste gertatu zitzaien bigarrenari eta hirugarrenari, eta zazpiei gauza bera. 27 Azkenik, hil zen emakumea ere. 28 Piztuerakoan, zazpietako zeinen emazte izango da, denena izana baitzen?
29 Jesusek erantzun zien:
–Oker zabiltzate. Liburu Santuetan esana eta Jainkoaren ahalmena ez dituzue ezagutzen. 30 Izan ere, piztuerakoan ez da inor ezkonduko: zeruko aingeruak bezalakoak izango dira denak. 31 Gainera, hildakoen piztueraz, ez al duzue irakurri Jainkoak berak esan zizuena: 32 Ni Abrahamen, Isaaken eta Jakoben Jainkoa naiz? Ez da hildakoen Jainkoa, biziena baizik.
22,32 Ni Abrahamen… Ir 3,6.
33 Entzuten zegoen jendea haren irakaspenaz txunditurik zegoen.
22,33 jendea irakaspenaz txunditurik 7,28; 13,54; Mk 1,27; Jn 7,15.
Agindurik nagusiena
34 Jesusek saduzearrak hitzik gabe utzi zituela jakitean, fariseuak elkarrekin bildu ziren, 35 eta beraietako lege-gizon batek galdetu zion Jesusi azpikeriaz:
22,35 azpikeriaz 16,1+.
36 –Maisu, zein da legeko agindurik nagusiena?
37 Jesusek erantzun:
–Maita ezazu Jauna, zeure Jainkoa, bihotz-bihotzez, gogo osoz eta adimen guztiz.
22,37 Maita… Dt 6,5.
38 Hori da agindurik nagusiena eta lehena. 39 Eta bigarrena, ez garrantzi gutxiagokoa
22,39 ez garrantzi gutxiagokoa: H.h., horren antzekoa.
, hauxe da: Maitatu
22,39 Maitatu… Lb 19,18. Ik. 5,43+.
lagun hurkoa zeure burua bezala. 40 Bi agindu hauetan oinarritzen dira Liburu Santu guztiak
22,40 Liburu Santu guztiak: H.h., lege osoa eta profetak.
.
22,40 Liburu Santuak 7,12+. Ik. Erm 13,10.
Mesias, Daviden Seme eta Jaun
41 Oraindik fariseuak bildurik zeudela, Jesusek galdera hau egin zien:
42 –Zer diozue Mesiasi
22,42 Mesias 2,4+. // Daviden ondorengo 1,1+.
buruz? Noren ondorengoa
22,42 ondorengoa: H.h., semea; gauza bera 45. tx.ean.
da zuen ustez?
Haiek erantzun zioten:
–Davidena.
43 Jesusek, orduan:
–Eta Davidek nola esaten dio, bada, «Jauna», Jainkoaren Espirituaren argiz? Hau baitio Davidek:

44 Hona Jaunak ene Jaunari esana:
«Eseri nire eskuinean,
zeure etsaiak oinazpian
jartzen dizkizudan bitartean».

45 «Beraz, Davidek Jauna deitzen badio, nola izan dezake ondorengo?»
46 Ezin izan zion inork erantzun, eta egun hartatik aurrera ez zen inor ausartu galderarik egiten.
22,46 ez zen inor ausartu Mk 12,34; Lk 20,40.
Jesusek lege-maisuak eta fariseuak salatu
23
1 Honela mintzatu zitzaien Jesus jendetzari eta ikasleei: 2 «Lege-maisuek eta fariseuek Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dute
23,2 Moisesen irakatsiak adierazteko eginkizuna dute: H.h., Moisesen irakats-aulkian eseriak daude; hau da, beraiek dira legea irakasteko eta azaltzeko kargudun ofizialak.
. 3 Saia zaitezte, beraz, haiek esaten dizueten guztia betetzen; baina ez egin egiten dutena; esan, esaten baitute, baina egiten ez. 4 Zama astunak lotu eta besteei leporatzen dizkiete, baina beraiek ez dute atzamar bat ere mugitu nahi. 5 Egiten duten guztia, jendeak ikusteagatik egiten dute; larrutxa zabalak eraman ohi dituzte bekokian eta borlatxo luzeak
23,5 larrutxa: Grekoz, filakteria; larruzko ziskuak ziren; legeko lau pasarte nagusi eduki ohi zituzten barruan, pergaminotan idatziak (Ir 13,1-10.11-16; Dt 6,4-9; 11,13-21). Ezkerreko besoan eta bekokian eraman ohi zituzten judu helduek. // borlatxo: Israeldar zintzo orok bere soineko ertzean hari urdinezko borlatxoak eraman ohi zituen Jainkoaren aginduak gogorarazteko; horregatik, begirune handia zieten jantzi-borlatxo horiei.
jantzietan;
23,5 jendeak ikusteagatik 6,1.5.16.
6 gogoko dituzte jai-otorduetan mahaiburuak eta sinagogetan lehen aulkiak;
23,6 mahaiburuak Lk 14,7.
7 gogoko dute plazetan jendeak agur egitea eta guztiek “maisu” deitzea. 8 Zuek, ordea, ez utzi inori zuei “maisu” deitzen, bat bakarra baita zuen maisua, eta zuek denak senideak baitzarete. 9 Eta ez deitu lurrean inori “aita”, bat bakarra baita zuen aita, zerukoa. 10 Eta ez utzi “gidari” deitzen ere, bat bakarra baita zuen gidaria, Mesias. 11 Zuetako handiena izan bedi zuen zerbitzari.
23,11 zerbitzuaren handitasuna 20,26+.
12 Bere burua goratzen duena, beheratu egingo du Jainkoak, eta bere burua beheratzen duena, goratu.
13 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok, jendeari Jainkoaren erreinuko sarrera ixten diozuenok! Zeuek ez zarete sartzen eta sartu nahi luketenei ez diezue uzten.
23,13 Ai zuek, lege-maisuok Jr 8,8; Ml 2,8. // itxurazale 6,2+. // erreinuan sartu 5,20+.
( 14  
23,14 Eskuizkriburik hoberen eta zaharrenetako batzuetan ez da ageri tx. hau. Honela dio: Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Azkengabeko otoitzen aitzakiaz alargunen ondasunak irensten dituzue. Horregatik, epairik zorrotzena izango duzue (ik. Mk 12,40).
).
15 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Norbait juduberri
23,15 juduberri: Grekoz, proselito. Hitz honek juduen sinesmenera bihurtutako eta erdainkuntzaz herri hautatuarekin elkarturiko jentila adierazten du.
egiteagatik itsaso eta lehor zabiltzate eta, egin duzuenean, zeuek baino gaiago bihurtzen duzue infernurako!
16 «Ai zuek, gidari itsuok! Honela irakasten duzue: “Tenpluarengatik zin egiteak ez du baliorik; tenpluko urrearengatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. 17 Zoro itsuok halakook! Zer da handiago, urrea ala urrea sagaratzen duen tenplua? 18 Beste hau ere irakasten duzue: “Aldareagatik zin egiteak ez du baliorik; aldare gaineko opariagatik zin egiteak, ordea, behartu egiten du”. 19 Itsuok halakook! Zer da handiago: oparia ala oparia sagaratzen duen aldarea? 20 Aldareagatik zin egiten duenak, aldareagatik eta gainean dagoen guztiarengatik egiten du zin; 21 tenpluarengatik zin egiten duenak, tenpluarengatik eta bertan bizi den Jainkoarengatik egiten du zin; 22 zeruarengatik zin egiten duenak, Jainkoaren tronuarengatik eta bertan esertzen denarengatik egiten du zin.
23,22 Jainkoaren tronua 5,34; Is 66,1; Eg 7,49.
23 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Barazkirik kaskarrenen
23,23 Barazkirik kaskarrenak: H.h., Menda, anisa eta kuminoa.
hamarrenak
23,23 hamarrenak Lb 27,30; Dt 14,22. // legeko gauzarik garrantzizkoenak 9,13; Jr 5,1; Am 5,21-24; Mi 6,8.
ordaintzen dituzue, eta legeko gauzarik garrantzizkoenak, berriz, zuzenbidea, errukia eta leialtasuna, bazterrera uzten. Hauek bete behar zenituzketen, haiek baztertu gabe! 24 Gidari itsuok! Eltxoa iragazten duzue eta gamelua irensten!
25 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Edalontzia eta platera kanpotik garbitzen dituzue, barrutik lapurretaz eta gutiziaz gainezka beterik dauden bitartean!
23,25 kanpotik garbitu Mk 7,4.
26 Fariseu itsu hori! Garbi ezazu lehenik edalontzia barrutik, kanpotik ere garbi geldi dadin.
27 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Hilobi zurituen antzeko zarete: kanpotik itxura ederrekoak dira, baina barrutik hil-hezurrez eta ustelkeriaz beteak. 28 Berdin zuek: azaletik zintzoak jendaurrean, baina barrutik itxurakeriaz eta gaiztakeriaz beteak.
23,28 azaletik zintzo Lk 16,15.
29 «Ai zuek, lege-maisu eta fariseu itxurazaleok! Profeten hilobiak eraikitzen eta gizon zintzoen hilarriak apaintzen dituzue, 30 esanez: “Gure arbasoen garaian bizi izan bagina, ez genukeen profeten hilketan haiekin parterik izango”. 31 Horrela, zeuek aitortzen duzue profetak hil zituztenen ondorengo zaretela.
23,31 profetak hil Eg 7,52.
32 Bete ezazue, bada, zeuen gurasoen egintza gaiztoen neurria!
33 «Sugeok, sugegorrikumeok! Nola egingo diozue ihes infernuko zigorrari?
23,33 sugegorrikumeok 3,7; 12,34; Lk 3,7. // infernu 5,22+.
34 Hor bidaliko dizkizuet nik profetak, jakintsuak eta lege-maisuak, eta zuek batzuk hil eta gurutziltzatu, besteak sinagogetan zigortu eta herririk herri erasoka erabiliko dituzue.
23,34 mezularien zoria 5,11-12; 10,23; 1 Ts 2,14-15. Ik. 21,35-36+.
35 Horrela, zuen kontu ezarriko da lurrean isuria izan den errugabe guztien odolaren errua: hasi Abel zintzoaren odoletik, eta santutegitik aldarea bitartean hil zenuten Barakiasen seme Zakariasen
23,35 Zakarias: Segur aski, 2 Kro 24,20-22 pasartean aipaturiko Joiadaren seme Zakarias da; bi hilketak Jesusek erabilitako hebreerazko Biblian azaltzen ziren lehenengoa eta azkenekoa ziren.
odoleraino.
23,35 Abelen odola Has 4,8-10. // Zakariasen odola 2 Kro 24,20-22.
36 Benetan diotsuet: Gizaldi honi emango zaio horren guztiaren zigorra.
Jesus Jerusalemengatik aieneka
37 «Jerusalem, Jerusalem, profetak hiltzen eta Jainkoak zuri bidaliak harrikatzen dituzuna! Zenbat aldiz ez ditut bildu nahi izan zure seme-alabak, oiloak txitak hegalpean bildu ohi dituen bezala, eta zuek ez duzue nahi izan. 38 Horra bada, hutsik geldituko zaizue etxea.
23,38 hutsik geldituko etxea 1 Erg 9,7-8; Jr 12,7; 22,5; Tb 14,4.
39 Eta esaten dizuet ez nauzuela ikusiko, harik eta hau esango duzuen arte: Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena!»
23,39 Bedeinkatua… Sal 118,26. Ik. 21,9+.
Jesus eskatologiaz mintzo (24,1–25,46)
Sarrera: tenplua suntsitua izango
24
1 Jesus tenplutik atera eta bazihoan. Orduan, ikasleek hurbildu eta tenpluko eraikinak erakutsi zizkioten. 2 Baina Jesusek esan zien: «Ikusten duzue hori guztia, ezta? Ba, benetan diotsuet: Ez da hemen harririk harri gainean geldituko: dena suntsituko dute».
24,2 harririk harri gainean Lk 19,44.
Azkenaren aurreko seinaleak
3 Gero, Oliamendin
24,3 Oliamendi: Ik. 21,1 oh.
eserita zegoela, ikasleek bakarrean hurbildu eta galdetu zioten: «Esaguzu noiz gertatuko den hori, eta zein izango den zure etorreraren eta munduaren azkenaren ezaugarria».
4 Jesusek erantzun zien: «Kontuz! Ez zaitzatela inork engaina! 5 Asko etorriko dira, nire izena berenganatuz eta esanez: “Ni naiz Mesias”; eta jendea franko engainatuko dute. 6 Gerra-hots eta zurrumurruak entzungo dituzue. Begira, ez izutu, gertatu beharrekoa baita hori guztia; baina oraindik ez da azkena. 7 Izan ere, nazioa nazioaren kontra eta erreinua erreinuaren kontra altxatuko dira; goseteak eta lurrikarak izango dira han eta hemen.
24,7 nazioa nazioaren kontra Is 19,2; 2 Kro 15,6-7.
8 Baina hori guztia erdiminen hasiera da.
9 «Zori larrian jarriko zaituztete eta hil egingo; herri guztiek gorroto izango dizuete niregatik.
24,9 Zori larrian jarri 10,17.23; 13,21; Jn 16,2. // gorroto izango dizuete 10,22; Jn 15,18-21; 16,2.
10 Orduan, askok fedeari uko egingo diote
24,10 fedeari uko egingo diote: H.h., eskandalizatu egingo dira; ik. Mk 6,3 oh.
, eta elkar saldu eta gorrotatuko
24,10 elkar gorrotatu 10,21.35-36; Mi 7,6.
dute. 11 Anitz sasiprofeta altxatuko dira eta asko engainatuko dituzte.
24,11 sasiprofetak 7,15+.
12 Eta gaiztakeria ugaltzean, gehienen maitasuna hoztu egingo da;
24,12 maitasuna hoztu Lk 18,8; 2 Ts 2,3.
13 baina azkeneraino sendo irauten duena, horixe izango da salbatua.
24,13 azkeneraino sendo iraun 10,22.
14 Mundu guztian hots egingo da Jainkoaren erregetzaren berri on hau, herri guztiek haren berri izan dezaten. Orduan etorriko da azkena.
24,14 berri ona munduan hots egingo 26,13; 28,19; Mk 16,15; Eg 1,8+; Erm 10,18; Kol 1,23. // azkena 24,6.13.
Larrialdi izugarria
15 «Daniel profetak aipatzen duen profanatzaile higuingarria
24,15 profanatzaile higuingarria: H.h., hondamendiaren higuingarritasuna; ik. Mk 13,14 oh.
24,15 profanatzaile higuingarria Dn 9,27; 11,31; 12,11; 1 M 1,54; 6,7; 2 Ts 2,3-4.
toki santuan ezarria ikusiko duzuenean –irakurleak uler beza–, 16 orduan, Judean daudenek ihes egin bezate mendietara; 17 etxe gainean dagoena ez bedi jaits etxeko gauzak hartzera,
24,17 etxe gainean dagoena Lk 17,31.
18 eta soroan dena ez bedi itzul soingaineko bila. 19 Dohakabeak egun haietan haurdun daudenak eta bularreko haurrak dituztenak! 20 Eskatu Jainkoari, ihes egin beharra neguan edo larunbatez gerta ez dakizuen. 21 Zeren munduaren hasieratik orain arte izan ez den eta izango ez den bezalako larrialdi handia izango baita orduan.
24,21 larrialdia Dn 12,1. Ik. Jl 2,2; Ap 7,14.
22 Eta Jainkoak aldi hori laburtuko ez balu, ez litzateke inortxo ere bizirik aterako; baina, aukeratuak direla eta, laburtu egingo ditu egun horiek.
23 «Orduan, norbaitek “Hona hemen Mesias” edo “Hara han” esango balizue, ez sinetsi. 24 Izan ere, gezurrezko mesiasak
24,24 gezurrezko mesiasak: Ik. Eg 5,36-37.
24,24 gezurrezko mesiasak 24,5; Eg 5,36-37; 1 J 2,18. // sasiprofetak 7,15+. // mirari eta egintzak Dt 13,2-4; 2 Ts 2,9-12; Ap 13,13-14.
eta sasiprofetak agertuko dira eta aukeratuak berak ere, ahal balitz, engainatzeko moduko mirari handiak eta egintza harrigarriak egingo dituzte. 25 Horra, jakinaren gainean jarri zaituztet aldez aurretik. 26 Beraz, norbaitek “Hara, basamortuan dago” esaten badizue, zuek ez irten, edo “Hara, etxe barruan dago” esaten badizue, ez sinetsi. 27 Izan ere, tximistak une batean sortaldetik sartalderaino argi egiten duen bezala, hala izango da Gizonaren Semearen etorrera.
24,27 Gizonaren Semearen etorrera 24,3+.
28 Sarraskia non, han biltzen dira putreak.
24,28 Sarraskia, putreak Lk 17,37. Ik. Is 34,15; Jb 39,30.
Gizonaren Semearen etorrera
29 «Egun haietako larrialdiaren ondoren, berehala, eguzkia ilunduko da, ilargiak ez du argirik egingo, izarrak zeru goitik amilduko dira, eta ortzia dardarka ariko. 30 Orduan, Gizonaren Semearen seinalea azalduko da zeruan, eta lurreko leinu guztiak bular-joka ariko dira, Gizonaren Semea zeruko hodei artean ahalmen eta aintzaz beterik etortzen ikustean.
24,30 bular-joka Za 12,10-14; Ap 1,7. // Gizonaren… 16,27; 26,64; Dn 7,13-14.
31 Orduan, bere aingeruak bidaliko ditu turuta-hots ozenez, eta haren aukeratuak bilduko dituzte lau haizeetatik, lur-muga batetik besteraino.
Ez dakizue hau guztia noiz izango den. Egon erne!
32 «Ikasi pikondoaren irudi honetatik: kimua berritzen eta hostoa zabaltzen zaioneko, badakizue uda hurbil dela. 33 Era berean, gauza horiek ikustean, jakizue hurbil dela, Gizonaren Semea
24,33 Gizonaren Semea: Ez dakar jatorrizkoak; argitasunagatik sartu da.
ate ondoan duzuela. 34 Benetan diotsuet: Gizaldi honetakoak hil baino lehen gertatuko dira gauza guztiok.
24,34 Gizaldi honetakoak hil baino lehen 10,23; 16,28; 23,36.
35 Zeru-lurrak igaroko dira, baina nire hitzak ez dira bete gabe igaroko.
24,35 nire hitzak ez dira bete gabe igaroko 5,18; Lk 16,17.
36 «Baina zein egunetan edo ordutan gertatuko den, ez daki inork, ez zeruko aingeruek, ez Semeak, Aitak bakarrik baizik.
24,36 ez daki inork Eg 1,7; 1 Ts 5,1-2.
37 Noeren garaian bezala gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan.
24,37 Noeren garaia Has 6,9-13. // Gizonaren Semearen etorrera 24,3+.
38 Uholdearen aurretik, jan-edanean ziharduen eta ezkondu egiten zen jendea, Noe ontzian sartu zen arte; 39 eta ez ziren konturatu, uholdea iritsi eta denak eraman zituen arte. Gauza bera gertatuko da Gizonaren Semearen etorrerakoan ere. 40 Soroan izango diren bi gizonetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute; 41 errotan ehotzen ariko diren bi emakumeetatik, bata eraman eta bestea utzi egingo dute. 42 Zain egon, beraz, ez baitakizue zein egunetan etorriko den zuen Jauna. 43 Gogoan hartu hau: etxeko nagusia, lapurra gaueko zein ordutan etorriko den jakingo balu, zain egongo litzateke eta ez luke etxea zulatzen utziko.
24,43 lapurraren irudia 1 Ts 5,2; 2 P 3,10; Ap 3,3; 16,15.
44 Prest egon, bada, zuek ere, gutxien uste duzuen orduan etorriko baita Gizonaren Semea.
Zerbitzuan leial iraun
45 «Izan zaitezte morroi leial eta zentzuduna bezala, nagusiak etxeko morroiei bere orduan janaria banatzeko eginkizuna eman diona bezala. 46 Zorionekoa morroi hori, nagusiak, iristean, agindua egiten aurkitzen badu. 47 Benetan diotsuet: Bere ondasun guztien buru ipiniko du.
24,47 ondasun guztien buru ipini 25,21.23.
48 Baina morroia gaiztoa bada eta, nagusiak luzatu egingo duelakoan, 49 bere morroikideak jotzen eta mozkorrekin jan-edanean hasten bada, 50 gutxien espero duen egunean eta gutxien uste duen orduan etorriko zaio nagusia, 51 eta zigorrik gogorrena ezarriko dio eta itxurazaleek merezi duten zoria emango. Negarra eta hortz-karraska izango dira han.
24,51 Negarra eta hortz-karraska 8,12+.
Hamar neskatxen parabola
25
1 «Jainkoaren erregetzarekin, kriseiluak hartu eta senar ezkonberriari bidera irten zitzaizkion hamar neskatxekin bezala gertatzen da.
25,1 kriseiluak Lk 12,35-38. // senarra 9,15+.
2 Neskatxetako bost zentzugabeak ziren eta bost zentzudunak.
25,2 zentzugabeak, zentzudunak 7,24.26.
3 Kriseiluak hartzean, zentzugabeek ez zuten oliorik hartu; 4 zentzudunek, ordea, kriseiluekin batera olioa ere hartu zuten ontzietan. 5 Senarrak luzatzen zuenez, logaletu egin ziren denak eta loak hartu zituen.
25,5 luzatzen zuenez 24,48; 2 P 3,9.
6 «Gauerdian oihu bat izan zen: “Hemen da senarra! Irten bidera!” 7 Jaiki ziren denak eta beren kriseiluak prestatu zituzten. 8 Orduan, zentzugabeek zentzudunei esan zieten: “Emaguzue olio pixka bat, kriseiluak itzaltzera doazkigu eta”. 9 Zentzudunek erantzun zieten: “Ea ez dugun nahikoa denontzat; hobe duzue badaezpada dendara joan eta erosi”.
10 «Baina, erostera joanak zirelarik, senarra iritsi zen, eta prest zeudenak ezteietara sartu ziren berarekin. Eta atea itxi egin zen.
25,10 ezteiak Ap 19,7.9.
11 «Iritsi ziren, azkenik, beste neskatxak ere eta dei egin zuten: “Jauna, jauna! Zabaldu!”
25,11 Zabaldu Lk 13,25.
12 Baina jaunak erantzun zien: “Benetan diotsuet, ez dakit nor zareten”.
25,12 ez dakit nor zareten 7,23; Lk 13,27.
13 «Zain egon, beraz, ez baitakizue, ez egunik, ez ordurik.
25,13 Zain egon 24,42+.
Talentuen parabola
14 «Jainkoaren erregetzarekin, atzerrira irten behar zuen gizonarekin bezala gertatzen da. Bere morroiei dei egin eta ondasunak utzi zizkien: 15 bati bost talentu
25,15 talentu: 6.000 denarioren (ik. Mk 6,37 oh.) baliokidea.
, beste bati bi eta besteari bat, bakoitzari bere trebetasunaren arabera. Gero, alde egin zuen. 16 Bost talentu hartu zituenak inbertitu egin zituen berehala eta beste bost irabazi. 17 Orobat bi talentu hartu zituenak: inbertitu eta beste bi irabazi zituen. 18 Bat bakarra hartu zuenak, aldiz, lurrean zuloa egin eta bertan gorde zuen nagusiaren dirua.
19 «Handik denbora askora, etorri zen nagusia eta morroiei kontuak hartzen hasi zitzaien. 20 Aurreratu zen bost talentu hartu zituena eta beste bost aurkeztu zizkion, esanez: “Jauna, bost talentu utzi zenizkidan; hona beste bost nik irabaziak”. 21 Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”.
25,21 morroi leialaren saria 24,46-47; 25,23; Lk 16,10.
22 Aurreratu zen, gero, bi talentuduna eta esan zion: “Jauna, bi talentu utzi zenizkidan; hona beste bi nik irabaziak”. 23 Nagusiak esan zion: “Ederki, morroi on eta leiala! Gauza gutxian leial izan zara, askoren buru ipiniko zaitut; sartu zeure jaunaren festa ospatzera”. 24 Aurreratu zen talentu bakarra hartu zuena eta esan zion: “Banekien gizon zorrotza zarena, erein ez duzun tokian hartzen eta zabaldu ez duzun tokian biltzen duzuna; 25 beldur nintzen, eta zure talentua lurrean ezkutatu nuen. Hona zeure dirua!” 26 Nagusiak erantzun zion: “Ai morroi gaizto eta alferra! Bazenekien erein ez dudan tokian hartzen dudana eta zabaldu ez dudan tokian biltzen. 27 Beraz, bankuan jarri behar zenuen nire dirua, itzultzean bere korrituekin jaso nezan. 28 Ken iezaiozue, bada, talentua eta eman hamar dituenari. 29 Izan ere, fruitua dakarrenari eman egingo zaio, eta gainezka izango du; fruiturik ez dakarrenari, ordea, daukan apurra ere kendu egingo zaio
25,29 fruitua dakarrenari… kendu egingo zaio: H.h., daukan orori eman egingo zaio eta gainezka izango du; ez daukanari, ordea, daukana ere kendu egingo zaio.
. 30 Eta ezertarako gauza ez den morroi hau jaurti kanpora, ilunpetara. Negarra eta hortz-karraska izango dira han”.
25,30 kanpora, ilunpetara 8,12+.
Azken auzia
31 «Gizonaren Semea, aingeru guztiak lagun dituela, aintzaz beterik etortzean, bere errege-aulkian eseriko da.
25,31 Gizonaren Semearen etorrera 24,3+. // errege-aulki 19,28; Ap 3,21; 20,11.
32 Herriak oro haren aurrean bilduko dituzte. Hark batzuk besteengandik bereizi egingo ditu, artzainak ardiak akerretatik bereizten dituen bezala,
25,32 bereizi Ez 34,17.
33 eta ardiak bere eskuinean eta akerrak ezkerrean ezarriko ditu. 34 Orduan, erregeak eskuinekoei esango die: “Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok; hartzazue munduaren sortzetik zuentzat prestatua dagoen erreinua.
25,34 hartzazue erreinua Lk 12,32; 22,30.
35 Gose bainintzen eta jaten eman zenidaten; egarri, eta edaten eman; arrotz, eta etxean hartu ninduzuen; 36 biluzik nengoen, eta jantzi egin ninduzuen; gaixo, eta bisitatu; kartzelan, eta ikustera etorri”. 37 Orduan, zintzoek esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun goseak eta jaten eman genizun, edo egarriak eta edaten eman? 38 Noiz aurkitu zintugun arrotz eta etxean hartu, edo larrugorri aurkitu eta jantzi? 39 Noiz aurkitu zintugun gaixo edo kartzelan eta ikustera joan?” 40 Eta erregeak erantzungo die: “Benetan diotsuet: Nire seniderik txikien hauetako edozeini egin zeniotena, neuri egin zenidaten”.
25,40 neuri egin zenidaten 10,40-42; 18,5; Mk 9,41; Lk 10,16; Eg 9,5.
41 «Gero, ezkerrekoei esango die: “Alde niregandik urruti, madarikatuok, deabruarentzat eta haren lagunentzat prestatua dagoen betiko sutara.
25,41 Alde niregandik 7,23+. // betiko sutara Mk 9,48; Ju 1,7; Ap 20,10.
42 Gose bainintzen eta ez zenidaten jaten eman; egarri, eta edaten eman ez; 43 arrotz, eta ez ninduzuen etxean hartu; biluzik, eta ez ninduzuen jantzi; gaixo eta kartzelan, eta ez zineten ikustera etorri”. 44 Orduan, haiek ere esango diote: “Jauna, baina noiz aurkitu zintugun gose edo egarri, arrotz edo larrugorri, gaixo edo kartzelan, eta guk lagundu ez?” 45 Hark erantzungo die: “Benetan diotsuet: Txikien hauetako edozeini egin ez zeniotena, neuri ez zenidaten egin”. 46 Eta hauek betiko zigorretara joango dira; zintzoak, berriz, betiko bizitzara».
25,46 betiko zigorra, betiko bizitza Dn 12,2; Jn 5,29.
 




Bibli Elkarte Batuak ] [ Espainiako Bibli Elkartea ] [ Idatz ] [ EAB Elkartea ]

Programaren azken eguneratzea: 2016-10-10
visitor stats