BIBLIJA.net   - Biblia interneten
BIBLI ELKARTEA
Bilatu erreferentzia     Bilatu hitza
Pasartea:   

Menu trinkotua
 EAB Hautatu bertsio guztien artean   Bertsioaz Laguntza
Hizkuntza

1 Makabearrak 11

Ptolomeo IV.ak Alexandro Epifanes menderatu
11
1 Egiptoko errege Ptolomeok itsasertzeko hondarra bezain ugari zen gudarostea bildu zuen, baita ontziteria ere. Alexandroren erreinuaz azpikeriaz jabetu eta bereari gehitzeko asmoa zuen. 2 Abiatu zen, bada, Siriarantz bake-itxuran. Hirietako jendea, ateak ireki eta bidera ateratzen zitzaion ongietorria egitera, halaxe egiteko agindu baitzien Alexandro erregeak, Ptolomeo aitaginarreba zuenez.
11,2 bake-itxuran 1,30+.
3 Honek, ordea, hiri batean sartu bezain agudo, gudari-taldea uzten zuen bera zaintzen. 4 Azotora hurbildu zenean, Dagonen jauretxea erakutsi zioten, suak errea, hiria bera eta inguruak hondatuak, gorpuak han-hemenka barreiatuak, baita borrokan kiskalirik hil zirenen gorpuak ere, erregeak igaro behar zuen tokian metatuak. 5 Jonatanek egin zuena ere kontatu zioten, Ptolomeok gaitzetsiko zuelakoan; baina erregea isildu egin zen. 6 Jonatan, ospe handiz inguratua, Jopera joan zitzaion bila. Agurtu zuten elkar eta bertan eman zuten gaua. 7 Biharamunean, Eleutero izeneko ibairaino
11,7 Eleutero ibaia: Gaur egun Nahr-el-Kebir deitua, Libanoren iparralde eta Siria arteko mugan.
lagundu zion Jonatanek Ptolomeori; gero, Jerusalemera itzuli zen.
8 Ptolomeo erregea itsasaldeko Seleuzia
11,8 itsasaldeko Seleuzia: Oronte ibaia itsasoratzen den tokian zegoen hiria; handik 30 km-ra zegoen Antiokiako, Siriako hiriburuko, portua zen.
bitartean zeuden itsas herriez jabetu zen. Bitartean, asmo gaiztoak egosten ari zen Alexandroren kontra. 9 Mezulariak bidali zizkion Demetrio erregeari
11,9 Demetrio erregea: Demetrio II.a (ik. 10,67 eta oh.).
, esatera: «Egin dezagun hitzarmena bion artean. Orain Alexandrok emazte duen neure alaba emango dizut eta zeure aitaren erreinuan errege izango zara. 10 Damu dut alaba berari eman izana, ni hil nahian ibili baita». 11 Alexandroren erreinua beretzat nahi zuelako zioen gezur gaizto hori.
11,11 gezur gaiztoa 1,11.
12 Kendu zion, bada, alaba Alexandrori eta Demetriori eman; horrela, Alexandrogandik banandu egin zen eta agerian jarri zen bien arteko etsaigoa. 13 Antiokian sartu eta Asiako
11,13 Asia: Koele-Siria izeneko eskualdea besterik ez zen; bere ama Kleopatra I.arengandiko ondarea zuela zioen Ptolomeok.
erregegoa hartu zuen eta bi erreinuetako koroaz jabetu: Egiptokoaz eta Asiakoaz.
14 Alexandro erregea, aldi hartan, Zilizian zen, eskualde hartako bizilagunak asaldatu egin baitzitzaizkion. 15 Ptolomeok egin zuenaren berri jakitean, beraren kontra borrokatzera etorri zen; baina Ptolomeok, gudaroste handi batekin aurre egin eta menderatu egin zuen
11,15 Gudu hau Antiokia ondoko Oinoparos (gaur egun, Nahr-Afrin) ibaiaren ertzean gertatu zen. Ptolomeo, ordea, zauritua gertatu zen eta handik hiru egunera hil (18. tx.).
. 16 Alexandro Arabiara joan zen ihesi, babes bila, eta Ptolomeo garaile gertatu zen. 17 Zabdiel
11,17 Zabdiel: Diodoro historialari greziarrak dioenez, Alexandro erregeak Zabdiel honen esku utzi zuen bere semearen heziketa; Antioko VI.a izango zen seme hura.
zeritzan arabiar batek Alexandrori lepoa moztu zion eta burua Ptolomeori bidali. 18 Bi egunen buruan, ordea, Ptolomeo ere hil egin zen. Orduan, gotorlekuetako jendeak hil egin zituen Ptolomeok jarritako gudari-taldeak. 19 Demetrio, berriz, errege izaten hasi zen. Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita zazpigarren urtea
11,19 167. urtea: K.a. 145eko abuztua/iraila. Demetrio II.a K.a. 145etik 125era izan zen errege, 138 eta 129 bitartean partiarrek preso eduki zutelarik.
zen.
Demetrio II.a juduen alde
20 Aldi hartan, Judeako gudariak bildu zituen Jonatanek Jerusalemgo gotorlekuari erasotzeko
11,20 Utzia zuen Demetrio I.ak gotorleku hura (ik. 10,32); hala ere, Jonatanek bere esku nahi izan zuen.
. Guda-tramankulu ugari eraiki zuen horretarako.
11,20 gotorlekuari eraso 6,20+.
21 Baina, beren herria gorroto zuten lege-hausle batzuk erregeagana joan eta Jonatan Jerusalemgo gotorlekuari erasoka ari zitzaiola salatu zioten. 22 Hori entzutean, Demetrio erregea, biziki haserreturik, abiatu eta Ptolemaida hirira etorri zen. Gotorlekua inguratzeari utzi eta Ptolemaidara berarekin mintzatzera albait lehen etortzeko aginduz idatzi zion Jonatani. 23 Honek, berriz, hori jakitean, inguraketa jarraitzeko agindu zuen. Gero, Israelgo arduradun eta apaiz batzuk harturik, arriskuan jarri zuen bere burua. 24 Izan ere, zilar, urre, jantzi eta beste esku-erakutsi asko harturik, erregeagana joan zen Ptolemaidara. Erregeak onez hartu zuen. 25 Herritar lege gabeko haiek Jonatanen kontra salakuntzak egin zituzten arren, 26 aurreko erregeek hartu izan zuten bezain ongi hartu zuen Demetriok: goraipatu egin zuen adiskide guztien aitzinean. 27 Apaizgo nagusian eta lehendik zituen kargu guztietan sendotu
11,27 Apaizgo nagusian… sendotu: Alexandro Balasek emana zion Jonatani apaizgo nagusia (ik. 10,20 eta oh.).
zuen Jonatan, eta bere adiskiderik handienen arteko egin.
11,27 Apaizgo nagusian sendotu Ik. 10,20.
28 Judea eta Samaria aldeko hiru eskualdeak zergak ordaindu beharretik
11,28 Demetrio I.ak hitzemandako zerga-kopurua ezartzeko eskatzen dio Jonatanek erregeari: 8.100 kg zilar (h.h. 300 talentu), eta lurrari buruzkoa kentzeko.
libra zitzan eskatu zion Jonatanek erregeari; horren ordainetan, zortzi mila eta ehun kilo inguru zilar agindu zizkion. 29 Onartu zuen erregeak hori, eta gutun hau idatzi zion Jonatani arazo hauez guztiez:
30 «Demetrio erregeak bere anaia Jonatani eta judu-herri osoari, agur! 31 Gure senide Lastenesi
11,31 Lastenes: Seleukotar erregeen gorteko funtzionario gorenetako bat. Kretakoa zen, eta han saripeko gudariak bildu zituen, Demetrio II.ari tronuaz jabetzen laguntzeko (ik. 10,67).
zuei buruz idatzi diogun gutunaren kopia bidaltzen dizuegu, jakin dezazuen: 32 “Demetrio erregeak Lastenes bere kontseilariari
11,32 kontseilariari: H.h., aitari.
, agur! 33 Gureganako duen jarrera onarengatik judu-herriari mesede egitea erabaki dugu, adiskide baitugu eta zuzen jokatzen baitu gurekin. 34 Judea lurralde osoaren eta Aferema, Lida eta Ramataim eskualdeen jabe direla baieztatzen dugu. Samariari kenduak eta Judeari erantsiak dira eskualde horiek, beren inguruekin. Jerusalemen sakrifizioak eskaintzen dituztenen mesedetan egin zen hori, erregeak haiei urtero kendu ohi zizkien lurraren nahiz fruta-arbolen emaitzei buruzko zergen ordainetan
11,34 Aferema: Jerusalemdik iparraldera 25 km-ra zegoen; Jos 18,23 tx.ean Ofra deritza eta 2 Sm 13,23 tx.ean Efraim. // Lida: Jafatik ekialdera 20ren bat km-ra zegoen hiria (ik. 2 M 12,3), 1 Kro 8,11 tx.ean Lod deitua. // Ramataim edo Rama: Ik. 1 Sm 1,1 eta oh. Eskuizkribu batzuek Razamin diote. Mt 27,57 testuan Arimatea deitua. // Uztari buruzko zergak indarrean zeuden, nahiz eta Jonatanek kentzeko eskatu izan (28. tx. eta oh.) eta Demetrio I.ak beste zerbait agindu (ik. 10,30-31 eta oh.).
. 35 Bestalde, hemendik aurrera barkatu egiten dizkiegu guri dagozkigun beste hartzekoak: hamarrenak, zergak eta gatzagei eta koroari dagozkienak
11,35 Demetrio II.ak ez ditu baiesten bere aitak juduei agindutako abantaila guztiak: gutun honetan ez da aipatzen Jerusalemgo gotorlekua juduei itzultzeko konturik (ik. 20. tx. eta oh.).
. Barkatu egiten diegu hau guztia. 36 Aurrerantzean ez beza inork indargabe utzi erabaki hauetako bat ere inoiz. 37 Saia zaitez, beraz, erabaki hauen kopia egin eta Jonatani ematen, mendi santuan
11,37 mendi santua: Jerusalem.
denek ikusteko eran ezartzeko” ».
Gudarostea Demetrio II.aren aurka
38 Bere agintepean herrialdea bakean zegoela eta inork ere kontra egiten ez ziola ikusirik, Demetrio erregeak nor bere etxera bidali zituen gudariak, greziarren uharteetan
11,38 greziarren uharteetan: H.h., atzerritarren uharteetan; hemen Kreta esan nahi du.
bilduak zituen gudari arrotzak izan ezik. Hori zela eta, aurreko erregeenak izaniko gudari-taldeak aurka jarri zitzaizkion.
11,38 herrialdea bakean 1,3+.
39 Orduan, Trifonek, lehen Alexandroren aldeko izanak, gudariak Demetrioren aurka marmarrean ari zirela ikusirik, Imalkue
11,39 Trifon: Diodoto-ren goitizena; Demetrio I.aren gudalburuetakoa izana, Alexandro Balasen aldera igaro zen. Diodoro historialariak ere aipatzen du hau. // Imalkue: Ziur aski Zabdielen semea (ik. 11,17 tx. eta oh.); Kalzis izeneko hirian, Alepotik hego-ekialdera, bizi zen.
arabiarragana jo zuen, hura ari baitzen Alexandroren seme Antioko hazten. 40 Mutikoa emateko eskatu zion, aitaren errege-aulkian ezartzeko. Demetrioren egintzen berri eman zion eta gudariek hari nolako gorrotoa zioten adierazi. Egun askotan egon zen han Trifon.
Jonatanek asaldatuak menderatu
41 Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori, gudari-talde haiek beti gatazkan ari baitziren Israelen kontra.
11,41 gotorlekuko gudari-taldeak kendu 6,20+.
42 Demetriok erantzun zion Jonatani: «Egingo dut hori zuregatik eta zure herriarengatik; gainera, ohorez beteko zaituztet zu eta zure herria, aukera izan bezain laster. 43 Baina orain, mesedez, bidal iezazkidazu gizonak nire alde borrokatzera, neure gudari-talde guztiek alde egin baitidate».
44 Jonatanek hiru mila gudari ausart bidali zizkion Antiokiara; haiek heltzean, poz handia hartu zuen erregeak. 45 Hiriko jendea, ehun eta hogeiren bat mila lagun, kalera atera zen asaldaturik, erregea hiltzeko asmoz. 46 Erregea jauregian gerizatu zen eta hiriko jendeak kaleak hartu zituen, gatazka hasiz. 47 Orduan, erregeak juduei dei egin zien, lagun ziezaioten. Juduak, lehenbizi, erregearen inguruan bildu ziren eta, gero, hirian barrena zabaldu. Egun hartan ehun mila lagun inguru hil zituzten, 48 hiriari su eman, harrapakin ugari hartu eta erregea salbatu zuten. 49 Juduek hiria beren gogora menderatua zutela ikustean, kikildu egin zen jendea eta oihuka eskatu zioten erregeari: 50 «Egin ditzagun bakeak eta utz diezaiotela juduek hiriaren kontra borrokatzeari». 51 Armak utzi eta bakeak egin zituzten. Juduek izen handia hartu zuten erregearen eta erreinuko jende guztiaren aurrean. Gero, harrapakin ugari berekin zeramatela, Jerusalemera itzuli ziren. 52 Demetriok sendotu egin zuen errege-aulkia eta herrialdea bakean gelditu zen beraren agintepean. 53 Demetriok, ordea, ez zion eutsi hitzemanari eta Jonatanen etsai bihurtu zen. Honek eginak zizkion zerbitzuak eskertu ordez, buruhauste asko eman zion.
Antioko VI.a Jonatanekin elkartu
54 Horren guztiaren ondoren, itzuli zen Trifon, Antioko mutikoa
11,54 Antioko mutikoa: Antioko VI.a Dionisos, Alexandro Balasen semea. K.a. 144ko udan hasi zen errege izaten eta 142an hil zuen Trifonek berak (ik. 13,31).
berekin zekarrela, errege izendatu zuen eta koroa ezarri. 55 Demetriok etxera bidalitako gudariak errege berriaren inguruan bildu ziren eta Demetrioren aurka borrokatu. Honek, menderatu zutelarik, ihes egin behar izan zuen. 56 Eta Trifon, elefanteez baliatuz, Antiokiaz jabetu zen.
57 Orduan, Antioko errege gazteak gutun hau idatzi zion Jonatani: «Zeure apaizgo nagusia berresten dizut. Lau eskualdeetako
11,57 lau eskualdeetako: Eskuarki, hiru eskualde aipatu ohi da (ik. 11,34); laugarrena Akrabatene izango zen (ik. 5,3 oh.).
gobernari egiten zaitut, baita erregearen adiskideen arteko ere». 58 Urrezko ontziak eta mahai-hornidura osoa bidali zizkion, eta urrezko ontzietan edateko, purpuraz janzteko eta urrezko orratza
11,58 purpuraz… urrezko orratza: Ik. 10,89 oh. Beraren aita Alexandro Balasek eta Demetrio II.ak (ik. 11,30 eta oh.) Jonatani emanikoa baietsi egiten dio Antioko VI.ak.
eramateko baimena eman. 59 Eta Jonatanen anaia Simon gudalburu egin zuen, Tiroko Mailaditik Egiptoko mugaraino
11,59 Tiroko Mailadia: Tirotik hegoaldera 10en bat km-ra zeuden bi aldapei emaniko izena. // Egiptoko mugaraino: Itsasbazterreko eskualdearen mugak dira (ik. 15,38); hiriburua Jamnia zen.
dagoen eskualderako.
Jonatanen eta Simonen konkistak
60 Eufrates ibaiaz mendebaldeko lurralde eta hirietan barrena joan zen Jonatan. Siriako gudaroste osoa bildu zitzaion, berarekin batera borrokatzeko. Askalon
11,60 Eufrates… lurralde: Ik. 7,8 oh.; Koele-Siria izeneko lurraldeaz ari da zehazki (ik. 2 M 3,5 oh.). // Askalon: Ik. 10,86 oh.
hirira heldu zenean, hango bizilagunek ongietorri handia egin zioten. 61 Handik Gazara
11,61 Gaza: Antzina filistearren hiri izana (ik. 1 Sm 6,17); garai hartan greziarrena eta juduen oso kontrakoa.
jo zuen, baina bertako bizilagunek itxi egin zizkioten ateak. Jonatanek inguratu egin zuen eta su eman inguruetako auzuneei eta lapurretak egin zituen beraietan. 62 Gazako jendeak eskaturik, bakeak egin zituen Jonatanek beraiekin; baina hango agintarien semeak bahitu eta Jerusalemera eraman zituen. Ondoren, lurralde osoan zehar ibili zen, Damaskoraino.
63 Jonatan bere kargutik botatzeko, Demetrioren gudalburuak Galileako Kedesera
11,63 Kedes: Antzina Neftaliko Kedex hiria deitua (ik. Jos 12,22), Tirotik hego-ekialdera 36 km-ra.
gudaroste handi batekin etorriak zirela jakitean, 64 Jonatan, herrialdea bere anaia Simonen ardurapean utzi ondoren, haien bila atera zen.
65 Simonek, Bet-Sur aurrean kanpalekua ezarririk, hiria inguratu eta egun askotan eraso zion. 66 Hirikoek eskaturik, bakeak egin zituen haiekin; baina, jendea irtenarazi ondoren, hiria hartu eta gudari-taldea ezarri zuen bertan. 67 Jonatanek, bere aldetik, Genesaret aintziraren ertzean ezarri zuen kanpalekua eta, goizean goiz abiaturik, Asorreko
11,67 Asor: Antzina Hatzor deitua, kanaandarren hiria (Jos 11,10), Genesaret aintziratik iparraldera 10 km-ra, Hule izeneko aintzira bitartean, zegoen hiri gotorra.
lautadara heldu zen. 68 Orduantxe zetorren arrotzen gudarostea Jonatanen bila lautadan zehar, gizon batzuk mendian zelatan utzi ondoren. Jonatanek bere gudarostearekin aurrera egitean, 69 zelatan zeuden gizonek agertu eta borrokari ekin zioten. 70 Jonatanen gudari guztiek ihes egin zuten; ez zen bat ere gelditu, bi gudalburu izan ezik: Absalomen seme Matatias eta Kalfiren seme Judas.
11,70 Absalom 13,11; 2 M 11,17.
71 Jonatanek, soinekoak urraturik, burura hautsa bota eta otoitz egin zuen. 72 Gero, borrokari ekin zion eta, etsaiak garaiturik, ihes eragin zien. 73 Hori ikustean, ihesi joandako gizonak Jonatanengana itzuli eta etsaien ondoren joan ziren, berarekin batera, etsaiek Kedesen zuten kanpalekuraino. 74 Etsaien gudarosteko hiru mila gizon erori ziren egun hartan. Jonatan, berriz, Jerusalemera itzuli zen.
 



Bilatu Biblia ] [ Bibliako bertsioaz ] [ Laguntza ] [ Laburdurak ] [ Webmasters ]

Adierazi zeure iritzia ]

Bibli Elkarte Batuak ] [ Espainiako Bibli Elkartea ] [ Idatz ] [ EAB Elkartea ]

Programaren azken eguneratzea: 2019-1-11