BIBLIJA.net   - Biblia interneten
BIBLI ELKARTEA
Bilatu erreferentzia     Bilatu hitza
Pasartea:   

Menu trinkotua
 EAB Hautatu bertsio guztien artean   Bertsioaz Laguntza
Hizkuntza

1 Makabearrak 2

Matatias eta beronen semeak
2
1 Aldi hartan, Joanen seme eta Simeonen biloba zen Matatias, Joariben ondorengoetako apaiza, Jerusalem utzi eta Modin
2,1 Joarib: Lebirengandik zetozen apaizen lehen taldearen senitarteburua (ik. 1 Kro 24,7). // Modin: Jerusalemdik ipar-mendebaldera 30en bat km-ra zegoen hiria.
hirira joan zen bizitzera. 2 Bost seme zituen: Joan, izengoitiz Gadi; 3 Simon, Tasi deitua; 4 Judas, Makabearra
2,4 Makabearra: Zenbaiten ustez, goitizen hori hebreerazko makkebet (hau da, mailu) hitzetik dator, eta Judasek bere etsaiak zein indartsu menderatu zituen adieraziko luke. Baina goitizena jaiotzeko orduan ezarri ohi zenez, zail da esanahi hori izatea. Baliteke Makkabiahu («Jaunak izendatua») esan nahi izatea ere (ik. Is 62,2), baina ez da ziur.
deitua; 5 Eleazar, Auaran deitua, eta Jonatan, Apfus deitua. 6 Judean eta Jerusalemen egiten ari ziren sakrilegioak ikusirik, 7 Matatiasek esan zuen:

«Dohakabea ni!
Neure herriaren hondamendia
eta Hiri Santuaren galera
ikusteko jaioa naiz!
Nola bizi naiteke bertan,
hiria etsaien menpe dagoelarik
eta santutegia atzerritarren esku?
8 Ohorerik gabeko gizona bezalaxe
gelditu da tenplua.
9 Eraman egin dituzte
beraren ospea ziren ontziak.
Haurrak plazetan sarraskitu dituzte,
gazteak etsaien ezpataz erori dira.
2,9 Eraman… ontziak 2 Erg 24,13; Nk 1,10. // Haurrak sarraskitu Nk 2,21-22.
10 Jentil-herri guztiak
jabetu dira gure erreinuaz,
bertako ondasunak
berenganatu dituzte.
11 Apaindura guztiak
kendu dizkiote Jerusalemi;
aske zen, eta orain esklabo.
2,11 eta orain esklabo Nk 1,1.3.
12 Santutegia bera ere,
gure santutegi eder eta ospetsua,
horra toki bakarti bihurtua,
jentil-herriek profanatua.
2,12 Santutegia… toki bakarti bihurtua 1,39+.
13 Zertarako bizi luzaroago?»

14 Matatiasek eta semeek, jantziak urratu eta zakukia soinean harturik, dolu handia egin zuten.
Iraultza hasi
15 Horretan, heldu ziren Modin hirira Antioko erregearen funtzionarioak
2,15 funtzionarioak: Ziur aski, Jerusalemgo gobernaria, Filipo (ik. 2 M 5,22), eta beronen laguntzaileak izango ziren (ik. 1,51).
; bere erlijioa ukarazi eta idoloei sakrifizioak eskainarazi behar zioten jendeari. 16 Israeldar asko funtzionarioengana joan zen; Matatias eta semeak, ordea, aparte gelditu ziren, denak batera.
17 Erregeak bidalitako funtzionarioak honela mintzatu zitzaizkion Matatiasi:
–Buruzagi ospetsu eta indartsua zara hiri honetan, eta zeure seme eta senideek babesten zaituzte. 18 Aurrera zaitez, beraz, beste inor baino lehen eta bete erregearen agindua, beste herrialdeetakoek, Judeako jendeak eta Jerusalemen gelditu direnek egin duten bezala. Orduan, zu eta zure semeak erregearen adiskideetakoak
2,18 erregearen adiskide: Pertsiarren artean sorturiko ohorezko titulua; erregearen ahaideei eman ohi zieten, agintekide baitziren (ik. 6,14).
izanen zarete, eta zilar, urre eta esku-erakutsi asko emanen dizue saritzat.
19 Matatiasek, ordea, esan zuen ahots handiz:
–Erregearen menpeko beste herri guztiek, erregearen aginduak betez, beren arbasoen erlijio-ohiturak baztertzen badituzte ere, 20 nik, nire seme eta senideek Jainkoak gure arbasoekin egindako itunari eutsiko diogu. 21 Jainko
2,21 Jainko: Gure itzulpenean Jainko esan arren, grekozko testuan, begirunez, ez da aipatzen izen hori.
errukitsuak ez dezala nahi guk legea eta aginduak bazter ditzagun. 22 Ez ditugu beteko erregearen aginduak, ezta aldatuko ere ezertan geure erlijio-ohiturak.
23 Matatiasek hitz hauek esan zitueneko, judu bat, denen bistan aurreratu zen Modin hirian eraikia zegoen aldare gainean sakrifizioa eskaintzera, erregeak agindu bezala. 24 Hori ikustean, sutu egin zitzaion barrua Matatiasi. Legearekiko maiteminak eraginik, amorru bizian, lasterka joan eta lepoa moztu zion judu hari aldare gainean. 25 Jendea sakrifizioak eskaintzera behartzen zuen funtzionarioa ere hil egin zuen, eta aldarea porrokatu. 26 Legearekiko maiteminetan suturik, antzina Pinhasek Saluren seme Zimriri egina bera
2,26 Pinhasek… egina bera: Gertakari honi buruz, ik. Zen 25,6-18.
egin zuen Matatiasek.
2,26 Legearekiko maiteminetan 27.50.58. tx.ak. Ik. Sal 69,10; 119,139. // Pinhasen maitemina Zen 25,6-13; Si 45,23.
27 Gero, oihu handiz esan zuen hirian barrena: «Legea maite izan eta itunari eutsi nahi diotenak betoz nirekin!» 28 Matatiasek bere semeekin mendira
2,28 mendira: Judeako mendietara ziur aski, Modindik ekialdera.
egin zuen ihes, hirian zuen guztia utzirik.
2,28 mendira ihes Ik. 2 M 5,27.
Larunbatari buruzko legeari tinko eutsi
29 Aldi hartan, judu asko, legearekiko leial eta zuzen izan nahirik, basamortura jaitsi zen, bertan bizitzeko asmoz, 30 beren emazte, seme-alaba eta abereekin. Izan ere, zorigaitz gogorra zuten gainean.
31 Jakinarazi zieten erregearen funtzionarioei eta Jerusalemen, Daviden Hirian, bildua zegoen gudarosteari, erregearen agindua bete ez zutenak basamortura joanak zirela leize-zuloetan gordetzera
2,31 Daviden Hiria: Ik. 1,33 eta oh. // basamortura… gordetzera: Judeako basamortuko leize-zuloetan, alegia, Itsaso Hiletik mendebaldera.
. 32 Orduan, gudari-multzo handi bat haien ondoren abiatu zen, eta aurkitu zituztenean, haien aurrez aurre ezarri zuten kanpalekua eta erasotzeko prestatu ziren. Larunbata zen.
2,32 erasotzeko prestatu larunbatez 9,43; 2 M 6,11; 15,1.
33 Agindu hau eman zieten juduei:
–Aski da! Atera hortik, bete erregearen agindua, eta salbatuko duzue bizia.
34 Juduek erantzun zuten:
–Ez gara aterako hemendik, ezta beteko ere erregearen agindua. Ez dugu hautsiko larunbatari buruzko legea
2,34 larunbatari buruzko legea: Ir 16,29 tx.ean agintzen denez, ezin da inor etxetik atera larunbatez. Basamortuan gordeak zeuden juduek ezin zuten erregearen agindua bete larunbatari buruzko legea hautsi gabe.
.
35 Orduan, eraso egin zieten. 36 Baina juduek ez zuten erantzun, ez harriak jaurtiz, ez leize-zuloak itxiz. 37 Hau zioten: «Hil gaitezen denok errugabe izanez. Zeru-lurrak ditugu testigu bidegabekeriaz hiltzen gaituztela». 38 Horrela, bada, erasoa larunbatez egin zietenez, erantzun gabe hil ziren
2,38 erantzun gabe hil ziren: Flavio Josefo judu historialariak dioenez, bizirik erre zituzten. Egintza hau Filipok egin zuela esaten da 2 M 6,11 tx.ean.
judu haiek beren emazte, seme-alaba eta abereekin batera. Mila lagun inguru ziren.
Matatiasen taldea indartu
39 Gertakari haren berri jakitean, Matatiasek eta lagunek saminki egin zuten negar, 40 eta esan zioten elkarri: «Denok gure senide horiek bezala egiten badugu, geure bizia eta ohiturak defendatzeko jentilen kontra borrokatzen ez bagara, berehala suntsituko gaituzte lurretik». 41 Eta egun hartan, erabaki hau hartu zuten: «Erasoa larunbatez egiten badigute ere, aurre egingo diegu, leize-zuloetan hil ziren senide haiek bezala ez hiltzeko».
42 Egun haietan, asidear-talde
2,42 asidear: Hebreerazko hasidim hitzaren grekozko idazkera; hitz horrek, berez, leialak, zintzoak edota jainkotiarrak esan nahi du. Moisesen Legeari erabat atxikiak zeuden juduek osatzen zuten talde hori, Makabearrak sortu aurretik ere; Makabearren matxinadaren aldeko izan ziren (ik. 2 M 14,6), baina beren independentzia politikoa utzi gabe (ik. 1 M 7,13 eta oh.). Gerora, asmondarrak zapuztu egingo zituzten eta bi taldetan banatuko ziren: fariseuak alde batetik eta esenioak bestetik. Azken hauek Qumranen biziko ziren.
handia bildu zitzaien. Israeldar ausart eta lege-betetzaileak ziren. 43 Haietaz gainera, hondamendi hari ihes egin nahi izan zioten guztiak ere bildu zitzaizkien, Matatiasen taldea indartuz. 44 Gudarostea eraturik, haserre eta amorruz, bekatarien eta lege gabekoen
2,44 lege gabeko: Hau da, Jainkoaren legea betetzen ez zuten juduak.
kontra oldartu ziren. Etsaietatik bizirik geldituak atzerrira joan ziren ihesi, beren buruak salbatzeko. 45 Matatias eta lagunak herriz herri ibili ziren, aldareak porrokatuz, 46 Israelen erdaindu gabe aurkitzen zituzten mutikoak erdaintzera behartuz 47 eta lehen harro jokatu zutenak pertsegituz. Ongi atera zitzaien dena. 48 Horrela, jentilen eta erregeen menpetik salbatu egin zuten legea, errege bekatari
2,48 errege bekatari: Antioko IV.a.
hari nagusitzen utzi gabe.
Matatiasen azken nahia eta heriotza
49 Matatiasek, bizitza bukatzear zuelarik, esan zien semeei:
«Horra, harrokeria eta bidegabekeria dira orain nagusi; hondamendi eta haserre biziaren aldia da.
50 «Ene semeok, izan ezazue legearekiko maitemina; eman zeuen bizia Jainkoak gure arbasoekin egin zuen itunaren alde.
51 «Izan gogoan gure arbasoek beren garaian egin zituztenak. Ospe handia hartuko duzue eta betiereko izena.
52 «Abraham, Jainkoak aztertu zuenean, ez al zen leial izan? Horregatik, Jainkoak zuzenetsi egin zuen.
2,52 Abrahamen leialtasuna Has 15,6; Si 44,20.
53 «Josek bere atsekabealdian ere bete zuen agindua, eta Egiptoko jaun egin zuten.
2,53 Jose Egiptoko jaun Has 41,37-43.
54 «Gure arbaso Pinhasi
2,54 Pinhas: Aaronen biloba (ik. Zen 25,7) eta Israelgo apaizen buruzagia.
, bere maitemin gartsuarengatik, bere ondorengoak beti apaiz izango zirela hitzeman zion Jainkoak.
2,54 Pinhas apaiz nagusi Zen 25,13; Si 45,24.
55 «Josue
2,55-56 Josue, Kaleb: Hemen pertsonaia hauei buruz aipatzen denaz, ik. Zen 13,1–14,30; batez ere 14,5-10.20-30. Si 46,9 tx.ean ere halako gorapena egiten zaie pertsonaia hauei; 1 M liburuaren idazleak Sirak liburua ikusia zuela pentsarazten du honek.
, Jainkoaren agindua betetzeagatik, Israelen buruzagi izan zen.
56 «Kaleb, biltzarraren aurrean egin zuen testigantzagatik, lurraldeko ondarearen partaide izan zen.
2,56 Kaleb lurraldeko ondarearen partaide Zen 14,24; Si 46,9.
57 «Davidek, bere zintzotasunagatik, errege-aulkia hartu zuen betiko.
2,57 Daviden zintzotasuna 2 Sm 6,12-22; Si 47,8.
58 «Elias, legearentzat zuen maitemin sutsuarengatik, zerura jaso zuten betiko.
2,58 Eliasek legearentzat zuen maitemina 1 Erg 19,10. Ik. 2,26+. // zerura jaso 2 Erg 2,11; Si 48,9.
59 «Ananias, Azarias eta Misael, Jainkoarengan izan zuten uste onagatik, salbatu egin ziren sugarretatik.
2,59 Ananias, Azarias, Misael Dn 3.
60 «Daniel, errugabe izateagatik, libratu egin zen lehoien haginetatik.
2,60 Daniel lehoien haginetatik libratu Dn 6.
61 «Ikusten duzue, beraz, gizaldiz gizaldi ez dutela huts egiten Jainkoarengan itxaroten dutenek. 62 Ez izan, bada, errege bekatari horren mehatxuen beldur, horren handikeria gorotz eta har bihurtuko baita
2,62 errege bekatari: Antioko IV.a. // gorotz eta har bihurtuko baita: Erregearen heriotza nolakoa izanen den iragartzen du (ik. 2 M 9,9).
. 63 Gaur gorenean dago, baina bihar ez dute ikusi ere egingo, bera hauts bihurtuko baita eta berorren asmoek huts egingo.
2,63 bekataria deuseztatua Sal 1,4-5; 37,35-36; Jb 20,6-7.
64 Semeok, izan sendo eta iraun tinko Jainkoaren legean, lege horrek beteko baitzaituzte aintzaz. 65 Horra hor zuen anaia Simon; gizon zentzuduna da. Entzun iezaiozue beti; aita bezala izanen duzue. 66 Judas Makabearra ausarta da gaztetandik; gudalburu izanen duzue eta berak zuzenduko du jentil-herrien kontrako borroka. 67 Bil itzazue zeuengana legea betetzen duten guztiak, mendekatu zeuen herria, 68 itzuli jentil-herriei berek egin dizueten kaltea eta bete arretaz legearen aginduak».
69 Ondoren, bere semeak bedeinkatu eta hil egin zen. 70 Seleukotarren agintealdiko ehun eta berrogeita seigarren urtea
2,70 Seleukotarren… 146. urtea: K.a. 166. urtea, udaberri aldera (ik. 1,10 oh.).
zen. Modin hirian ehortzi zuten, bere gurasoen hilobian. Israel osoak dolu handia egin zuen Matatiasengatik.
 



Bilatu Biblia ] [ Bibliako bertsioaz ] [ Laguntza ] [ Laburdurak ] [ Webmasters ]

Adierazi zeure iritzia ]

Bibli Elkarte Batuak ] [ Espainiako Bibli Elkartea ] [ Idatz ] [ EAB Elkartea ]

Programaren azken eguneratzea: 2019-1-11