BIBLIJA.net   - Biblia interneten
BIBLI ELKARTEA
Bilatu erreferentzia     Bilatu hitza
Pasartea:   

Menu trinkotua
 EAB Hautatu bertsio guztien artean   Bertsioaz Laguntza
Hizkuntza

2 Makabearrak 12

Judasen garaipena inguruko hirietan
12
1 Hitzarmen hauek egin ondoren, erregeagana itzuli zen Lisias, eta juduek landako lanei ekin zieten. 2 Baina eskualde haietako gobernari batzuek –Timoteok, Geneoren seme Apoloniok, Hieronimok, Demofanek eta, gainera, zipretar gudarien buruzagi zen Nikanorrek
12,2 Timoteo: Jordan ibaiaz ekialdeko lurraldea bere esku zuena (ik. 1 M 5,6 eta 2 M 10,24 eta oh.). // zipretar… Nikanorrek: Nikanor hau ez da 2 M 8,9 tx.ean aipatua bera. Beste hiru gobernariak ezezagunak dira.
– ez zieten bakean uzten juduei, ezta lasai bizitzen ere. 3 Behinola, Jopeko
12,3 Jope: Gaur egun Jafa deitua, portu garrantzitsua zen. Hiri hau menderatzeaz, ik. 1 M 10,76; 13,11; 14,34.
bizilagunek gaiztakeria izugarria egin zuten: Hiri hartan bizi ziren juduak, beren emazte eta haurrekin, jopetarrek prestatu zituzten itsasontzietara igotzera gonbidatu zituzten, juduen kontra inolako asmo txarrik izan ez bazuten bezala, 4 eta hiritar guztiek batera hartutako erabakia zela esanez. Juduek ontzat hartu zuten gonbita, bakean bizi nahi zutelako eta mesfidantzarik ez zutelako. Baina itsas zabalera heltzean, hondoratu egin zituzten. Baziren han gutxienez berrehun lagun.
5 Herrikideei egin zieten ankerkeriaren berri jakitean, bere gizonei aditzera eman zien Judasek. 6 Eta, Jainko epaile zuzenari dei egin ondoren, bere senideen hiltzaileen kontra abiatu zen. Su eman zion gauez portuari, itsasontziak erre eta han babestu zirenak ezpataz hil. 7 Gero, hiriko ateak itxiak zeudela ikusita, alde egin zuen handik, baina berriro etorri eta jendea erabat suntsitzeko asmoa harturik. 8 Bitartean, jakinarazi zioten Judasi Jamnia
12,8 Jamnia: Ik. 1 M 5,58 oh.
hirikoek ere bertan bizi ziren juduei antzeko zerbait egin nahi zietela. 9 Orduan, eraso egin zien gauez Jamniakoei eta su eman portuari eta itsasontziei. Sugarrak Jerusalemdik ikusi ziren, berrogeita bosten bat kilometrora.
Judas Kaspin hiriaz jabetu
(1 M 5,9-54)
10 Judasek irtenaldia egin zuen Timoteoren kontra. Kilometro eta erdi ibili zirelarik, arabiar gudari-talde batek eraso zien. Bost mila oinezko ziren gutxienez eta bostehun zaldizko. 11 Gudua izugarria izan zen; baina Judasenak nagusitu ziren Jainkoaren laguntzaz. Arabiar garaituek bakeak egitea eskatu zioten Judasi, abereak emango zizkiotela eta aurrerantzean lagunduko ziotela hitzemanik. 12 Arabiar haiek gauza askotan beraientzat baliagarri izan zitezkeela ikusirik, bakeak egin zituen beraiekin eta, adiskideturik, beren oihal-etxoletara itzuli ziren arabiarrak.
13 Hiri gotor bati ere eraso zion Judasek. Lubetaz eta harresiz inguratua zegoen, eta jatorri askotako jendea bizi zen bertan. Kaspin
12,13 Kaspin: Ik. 1 M 5,26.36.
zuen izena. 14 Harresi sendoak eta janari aski zutela eta, inguratuak lotsagabe agertu ziren Judasen gudarien kontra, berauek irainduz, biraoak botaz eta zilegi ez diren gordinkeriak esanez. 15 Antzina, Josueren garaian, hesi-hausgailurik eta guda-tramankulurik gabe Jeriko hondatu zuen munduko Nagusi handiari dei egin ondoren, Judasen gizonek eraso egin zioten harresiari adore handiz.
12,15 Jerikoren hondamena Jos 6.
16 Jainkoak hala nahirik hiriaz jabetu zirenean, esanezin ahalako sarraskia egin zuten. Inguru haietan zegoen zingira, laurehun metro inguru zabalekoa, bertaraino zihoan odolaz betea ageri zen.
Karnion jauretxean ere garaile Judas
(1 M 5,37-44)
17 Handik ehun eta hogeita hamar kilometro inguru urrundurik, Judas eta beronen gizonak Karaka izeneko hiri gotorrera heldu ziren, tubiar
12,17 Karaka: Timoteok Aman eskualdean, Amanitiden, Jordan ibaiaz ekialdera, zuen gotorlekua; bertan bizi zen eskualde hartako gobernaria. // tubiar: Amanitiden zegoen Tobias eskualdekoak (ik. 1 M 5,13 eta oh.); zaldun ospetsuak ziren (ik. 35. tx.).
izeneko juduengana. 18 Hala ere, ez zuten Timoteo aurkitu toki hartan, handik alde egina baitzen ezer iritsi gabe; hala ere, gudari-talde oso sendoa utzi zuen.
19 Orduan, Makabearraren taldeko bi gudalburuk, Dositeok eta Sosipatrok, gotorlekuari eraso eta Timoteok han utzitako gizonak hil zituzten. Hamar mila baino gehiago ziren. 20 Makabearra, bere gudarostea gudari-taldetan banatu eta bakoitzari gudalburua ezarririk, Timoteori erasotzera abiatu zen. Timoteok ehun eta hogei mila oinezko eta bi mila eta bostehun zaldizko zituen berekin. 21 Judas hurbil zela jakinarazi ziotenean, Timoteok Karnion izeneko tokira bidali zituen emakumeak, haurrak eta tresneria; izan ere, toki hura menderaezina eta harrapaezina zen, hain ziren estuak lurralde hartako igarobide guztiak
12,21 Karnion: Adardun Astarteren santutegia (ik. 1 M 5,43 eta oh.). // estuak… igarobide guztiak: Karniondik hurbil doan errekak ebakitako bide-zintzurrak.
.
22 Judasen lehenengo gudari-taldea agertu orduko, beldurrak hartu zituen etsaiak eta izuturik gelditu ziren, dena ikusten duen Jainkoaren agerkundearen aurrean. Nor bere aldetik ihesi abiatu ziren denak, askotan beren artean elkar zaurituz eta ezpata-muturrez elkar zulatuz. 23 Judasek kemen handiz pertsegitu zituen eta gaizkile haiek ezpataz jo. Hogeita hamar mila inguru hil zituen. 24 Timoteo bera ere Dositeo eta Sosipatroren gudarien eskuetan erori zen. Baina libre eta onik joaten uzteko eskatu zien azerikeriaz, gudari haietako askoren guraso eta senideak bahituak zituela eta hil egingo zituztela esanez. 25 Bahitu guztiak onik itzularaziko zituela hitzeman zuen Timoteok, berriketa ugariz. Orduan, askatu egin zuten, senide haiek salbatu nahiz.
26 Judas Karnionera itzuli zen, Atergateion
12,26 Atergateion: Atargatis siriar jainkosaren santutegia. Karniongo santutegia bera da (ik. 21. tx.); izan ere, Atargatis eta Astarte aisa nahasten zituzten.
izeneko jauretxera, eta han hogeita bost mila gizon hil zituen.
Judas garaile itzuli Jerusalemera
(1 M 5,45-54)
27 Etsaiak menderatu eta suntsitu ondoren, Judasek Efronera zuzendu zuen bere gudarostea; hiri gotor hartan bizi zen Lisias
12,27 Lisias: Zenbait eskuizkributan Lisanias dator. Dena dela, Lisias hau ez da 2 M 13,2 tx.ean aipatzen den errege-hezitzailea.
, baita jatorri askotako jendea ere. Gudari gazte indartsuak, harresi aurrean jarririk, ausarki borrokatzen ziren. Barruan jaurtigailu eta arma ugari zuten bildua. 28 Baina, bere kemenaz etsaien indarrak desegiten dituen Nagusiari dei egin ondoren, hiriaz jabetu eta barruan zeudenetarik hogeita bost mila inguru hil zituzten.
29 Handik Eszitopolis
12,29 Eszitopolis: Antzina Bet-Xan deitua (ik. Ep 1,27; 1 Sm 31,10), Jordan haranean zegoen (ik. 1 M 5,52).
hiriaren kontra jo zuten; Jerusalemdik ehun eta hamar kilometro ingurura zegoen. 30 Hiri hartan bizi ziren juduek, ordea, jakinarazi zieten oso ongi tratatzen zituztela eszitopolistarrek eta aldi txarretan gizabidez hartu zituztela. 31 Orduan, Judasek eta honen gizonek eskerrak eman zizkieten hiri hartakoei eta aurrerantzean ere juduak ongi hartzeko esan. Gero, Jerusalemera itzuli ziren, Asteen Jaia
12,31 Asteen Jaia: K.a. 163ko ekainaren 14tik 20ra.
baino lehentxeago.
Judasek Gorgias menderatu
32 Jai hura, Mendekoste ere deitua, ospatu ondoren, Idumeako gobernari zen Gorgiasen kontra jo zuten juduek. 33 Gorgias hiru mila oinezko eta laurehun zaldizkorekin atera zitzaien. 34 Gudukatzean judu batzuk hilak gertatu ziren.
35 Dositeo zeritzan zaldun ausart batek, tubiar izeneko judu-taldekoak, eskua erantsi zion Gorgiasi eta, arropatik heldurik, arrastaka zeraman indarrean, madarikatu hura preso hartzeko asmoz. Baina traziar
12,35 Dositeo: Timoteo atzeman zuen gudalburua (ik. 24. tx.). // traziar: Mazedonia eta Itsaso Beltza arteko lurraldea; handik ekarri ohi zituzten seleukotarrek gudariak saripean.
jatorriko zaldun batek Dositeori atzetik eraso eta besoa moztu zion. Orduan, Gorgiasek Marisa izeneko hirira egin zuen ihes.
36 Esdrinen
12,36 Esdrin: Zenbait itzulpenetan Esdrias; Azarias ere deitua da (ik. 8,23 eta 1 M 5,18.56).
taldeko gudariak leher eginak zeuden, luzaro ari baitziren borrokan. Orduan, gudaldian lagun eta gidari ager zekiela eskatu zion Judasek Jaunari. 37 Gero, bere hizkuntzan gudu-deiadarra eta beste zenbait kantu oihukatuz, ustekabean eraso zion Gorgiasen gudarosteari eta ihes eragin.
Hilen aldeko oparia
38 Gero, bere gudarostea bildu eta Odolam hirira eraman zuen Judasek. Asteko zazpigarren eguna zetorrela eta, beren buruaren garbikuntza eginik
12,38 Odolam: Hebreeraz Adulam deituriko gotorlekua, Jerusalemdik hego-mendebaldera 25 km-ra (ik. 1 Sm 22,1; 2 Kro 11,7). // garbikuntza egin: Etsaiak hil eta gorpuak ukitu zituztelako, kutsatuak ziren zazpi egunez.
, larunbat-jaia ospatu zuten. 39 Beharrezkoa egin zen gudarien gorpuak biltzea. Horregatik, biharamunean hartu eta arbasoen hobietan lur eman zieten, beraien ahaideekin batera.
40 Baina hildako bakoitzari, jantzien azpian, Jamniako idoloei
12,40 Antzina Filistea zen lurralde hartako jauretxeetan idoloei eskainitako kutunak ziren (ik. 1 M 5,58.68); erre egin behar zituzten legeak agintzen zuenez (ik. Dt 7,25 eta Jos 7).
eskainitako gauzak, legeak juduei debekatuak, aurkitu zizkioten. Horrela ikusi zuten argi zergatik hil ziren gudari haiek.
12,40 idoloei eskainitako gauzak Ik. Dt 7,25.
41 Orduan, gauza ezkutuak agerian jartzen dituen Jauna, epaile zuzena, goretsi egin zuten. 42 Gero, eskari asko egin zioten, egindako bekatu hura zeharo ezaba zezan. Eta bekatutik garbi irauteko eskatu zion Judas prestuak gudarosteari, hildakoei beren bekatuagatik gertatua ikusirik.
43 Gudari bakoitzari eskatuz, zilarrezko bi mila txanpon bidali zituen Jerusalemera, bekatuen barkamenerako oparia eskain zezaten. Egintza on eta bikaina izan zen hura, piztueran pentsatuz egina. 44 Izan ere, hildako gudariak piztuko zirela espero izan ez balu, alferrikakoa eta zentzugabea izango zen hildakoen alde eskatzea. 45 Baina, zintzo hiltzen direnek sari bikaina izanen dutela uste baitzuen, burutapen santu eta ederra izan zen hura. Horregatik agindu zuen hilen aldeko barkamen-oparia eskaintzeko, haiek beren bekatutik libre geldi zitezen.
 



Bilatu Biblia ] [ Bibliako bertsioaz ] [ Laguntza ] [ Laburdurak ] [ Webmasters ]

Adierazi zeure iritzia ]

Bibli Elkarte Batuak ] [ Espainiako Bibli Elkartea ] [ Idatz ] [ EAB Elkartea ]

Programaren azken eguneratzea: 2019-1-11