BIBLIJA.net   - Biblia interneten
BIBLI ELKARTEA
Bilatu erreferentzia     Bilatu hitza
Pasartea:   

Menu trinkotua
 EAB Hautatu bertsio guztien artean   Bertsioaz Laguntza
Hizkuntza

Daniel Grekoa 3

Daniel eta Bel jainkoaren apaizak
3
1 Astiages
3,1 Astiages: Mediako azken erregea, K.a. 550. urte aldera hila.
erregea hil zenean, Ziro pertsiarra izan zen errege haren ordez. 2 Erregearekin bizi zen Daniel eta haren gorte-gizonetako estimatuena zen.
3 Babiloniarrek idolo bat zuten, Bel izenekoa. Egunero hamabi zaku irin, berrogei ardi eta berrehun eta berrogeita hamar litro ardo ematen zizkioten.
3,3 Bel Is 46,1; Jr 50,2; 51,44.
4 Erregeak ere ohoratzen zuen, eta egunero joaten zen hura gurtzera. Danielek, ordea, bere Jainkoa gurtzen zuen. 5 Erregeak galdetu zion:
– Zergatik ez duzu gurtzen Bel?
Danielek erantzun:
– Nik ez dut gurtzen giza eskuz eginiko idolorik, Jainko bizia baizik, zeru-lurren egilea eta bizidun guztien Jaun dena.
3,5 zeru-lurren egilea Has 1,1; 14,19.22.
6 Orduan, erregeak esan zion:
–Ez duzu sinesten Bel jainko bizia dela? Ez al duzu ikusten zenbat jaten eta edaten duen egunoro?
7 Danielek barrez esan zion:
–Ez zaitez engaina, errege! Idolo hori barrutik buztinezkoa da eta kanpotik brontzezkoa, eta ez du sekula ez jan, ez edan.
8 Orduan, erregeak, haserre bizian, Bel jainkoaren apaizei dei egin eta esan zien:
–Bel-entzat ekarritako janariak nork jaten dituen esaten ez badidazue, zuenak egin du. Baina jaten dituena Bel dela erakusten badidazue, Daniel hilko da, Bel-en kontra birao egin duelako.
9 Danielek esan zion erregeari:
–Bete dadila esan duzuna.
Bel-en apaizak baziren hirurogeita hamar gutxienez, emazte eta seme-alabak kontatu gabe.
10 Erregea Bel-en jauretxera joan zen Danielekin. 11 Bel-en apaizek esan zioten erregeari:
–Gu orain jauretxetik irten egingo gara. Zuk, errege, janaria ekarri, prestatu ardoa eta ezarri bertan; gero, ateak itxi eta zigilatu errege-zigiluz. Etorri bihar goizean, eta ikusten baduzu Bel-ek ez duela ekarritakoa jan, geu hilko gara; bestela, Daniel hilko da, belztu egin baitu gure izena.
12 Apaizak seguru eta harro agertzen ziren, mahai azpian sarrera ezkutu bat egina baitzuten, eta handik sartzen ziren janariak eramateko.
13 Haiek irten zirenean, erregeak janariak eskaini zizkion Bel-i. 14 Danielek, erregea bakarrik lekuko zela, errautsa ekartzeko eta jauretxeko zoruan zabaltzeko agindu zien bere zerbitzariei. Gero, irten, atea itxi eta, errege-zigiluz zigilaturik, joan egin ziren.
15 Ohi zutenez, gau hartan ere etorri ziren apaizak beren emazte eta seme-alabekin eta dena jan eta edan zuten.
16 Goizean goiz jaikita, erregea eta Daniel jauretxera joan ziren.
17 Erregeak galdetu zion Danieli:
–Bere hartan al daude zigiluak?
Danielek erantzun:
–Bai, errege!
18 Atea ireki bezain laster, mahaira begiratu zuen erregeak eta deiadarka esan zuen: «Handia zara, Bel! Ez dago zuregan engainurik!»
19 Baina Daniel barrez hasi zen eta, barrurago sar ez zedin helduz, esan zion erregeari:
–Begira lurrera, ea norenak diren aztarna horiek.
20 Erregeak erantzun zion:
–Gizon, emakume eta haurren aztarnak ikusten ditut.
21 Orduan, erregea haserre bizian jarri zen, eta apaizak, emazteak eta haurrak atxilotzeko agindu zuen. Haiek ate ezkutua erakutsi zioten, mahai gainean zegoen guztia jatera sartzeko erabiltzen zutena. 22 Erregeak hilarazi egin zituen eta Bel idoloa Danielen esku utzi. Honek suntsitu egin zuen tenplu eta guzti.
Daniel eta herensugea
23 Bazen herensuge handi bat
3,23 herensuge handi bat: Babiloniako kultuetan jainko bihurturiko herensugerik ez da ezagutzen.
ere, babiloniarrek gurtzen zutena. 24 Behinola, erregeak esan zion Danieli:
–Ez didazu, bada, esango hau jainko bizia ez dela! Beraz, gurtu ezazu!
25 Danielek erantzun zion:
–Nik Jauna, neure Jainkoa, gurtzen dut, hura bakarrik baita Jainko bizia. Emadazu baimena, errege, eta ezpata eta makilarik gabe hilko dut herensugea.
3,25 Jauna Dt 6,4.13; Mt 4,10.
26 Erregeak erantzun zion:
–Baduzu baimena.
27 Danielek, orduan, bikea, koipea eta ileak hartu eta denak batera egosi zituen; guztiaz opiltxoak eginik, herensugeari ahora bota zizkion, eta, irentsi zitueneko, lehertu egin zen herensugea. Orduan, Danielek esan zuen: «Begira zer gurtzen duzuen!»
28 Horren berri jakitean, haserre bizian jarri ziren babiloniarrak, eta erregearen aurka manifestazioa egin zuten. Honela zioten: «Erregea judu egin zaigu! Bel hondatu, herensugea akabatu eta apaizak hil ditu!» 29 Erregeagana heldurik, esan zioten: «Emaguzu Daniel; bestela, zeu eta zure etxekoak hilko zaituztegu!»
30 Erregeak, gogor oldartzen zitzaizkiola ikusirik, haien esku utzi behar izan zuen Daniel. 31 Haiek lehoi-zuloan sartu zuten eta hantxe utzi sei egunez. 32 Zuloan zazpi lehoi zeuden, eta urkatutako bi gizonen gorpuak eta bi ardi ematen zizkieten jaten egunero; orduan, ostera, ez zitzaien ezer eman, Daniel irents zezaten.
33 Aldi hartan bertan, Habakuk profeta Judean zegoen. Orduantxe, eltzekoa egosi eta ontzi batean ogi-apurrak prestatu berriak zituen, eta sorora zihoan igitariei eramatera.
34 Jaunaren aingeruak esan zion Habakuki:
–Jateko hori eramaiozu Babiloniara lehoi-zuloan dagoen Danieli.
35 Habakukek erantzun zion:
–Jauna, ez naiz inoiz izan Babilonian, eta ez dakit lehoi-zuloa non dagoen.
36 Orduan, Jaunaren aingeruak buruko ileetatik hartu eta haizearen bultzadaz
3,36 haizearen bultzadaz: Honela ere itzul daiteke: espirituaren indarrez.
Babiloniara eraman zuen, lehoi-zuloaren ahora.
37 Habakukek deiadar egin zuen:
–Daniel! Daniel! Hartu Jaunak bidaltzen dizun jatekoa.
38 Danielek esan zuen:
–Oi Jainkoa, gogoratu zara nitaz! Zuk ez dituzu inoiz baztertzen maite zaituztenak.
3,38 Zuk ez dituzu inoiz baztertzen maite zaituztenak Sal 9,11; 27,2-10; 145,8-9.
39 Gero, jaiki eta jaten hasi zen Daniel. Habakuk, berriz, Jaunaren aingeruak berehala eraman zuen bere etxera.
40 Zazpigarren egunean, Danielengatik negar egitera etorri zen erregea. Baina, lehoi-zulora hurbildu eta barrura begiratzean, eserita ikusi zuen Daniel. 41 Orduan, erregeak oihuka esan zuen: «Jauna, Danielen Jainkoa, handia zara benetan! Ez da zu beste jainkorik!» 42 Gero, Daniel lehoi-zulotik ateratzeko agindu eta Daniel hil nahi izan zutenak botarazi zituen zulora, eta lehoiek bat-batean irentsi zituzten erregearen aurrean.
 



Bilatu Biblia ] [ Bibliako bertsioaz ] [ Laguntza ] [ Laburdurak ] [ Webmasters ]

Adierazi zeure iritzia ]

Bibli Elkarte Batuak ] [ Espainiako Bibli Elkartea ] [ Idatz ] [ EAB Elkartea ]

Programaren azken eguneratzea: 2019-1-11