TIMOTEORI LEHEN GUTUNA
SARRERA
Nork eta norentzat idatzia
Timoteori eginiko bi gutunek eta Titori egindakoak sail berezia osatzen dute Pauloren izenean datozen gutun guztien artean. XVIII. mendetik hasita, «Gutun Pastoralak» edo «Artzain-gutunak» izena ematen zaie. Pauloren izenean datozen beste guztiak ez bezala –Filemoni egina salbu– lagun bakarrari, ez elkarteei, zuzenduak daude. Paulok idatziak bezala azaldu arren, eta Pauloren beraren esaldiak eta bizitzako zenbait xehetasun eman arren, exegeta moderno askok Pauloren ikasleren batek beranduago idatziak direla uste du.
Gutun hauen xedea eliz zuzendariei aholkuak ematea da, beren elkarteetan dituzten erantzukizun eta egitekoak ongi bete ditzaten. Hiru gutunok oso elkarren kideko ditugu idaztankeraz, edukiz eta erakusten diguten ingurugiro historikoaz.
Paulok Listran aurkitu zuen Timoteo bere bigarren misio-ibilaldian ( Eg 16,1-3). Bai Eginak liburuan, bai gutunetan, Pauloren ondoan azaltzen zaigu ia beti. Oso gazterik hasi zen Paulori laguntzen ( 1 Tm 4,12; 5,1) eta beronen ikaslerik maiteen bihurtu zen ( Flp 2,19-24). Eginkizun bereziak gomendatu zizkion Paulok Tesalonikan, Korinton eta Filipon.
Gutunaren hari nagusiak
Gutuna Paulok bere ikasle Timoteori idatzia bezala azaltzen zaigu. Paulok, Mazedoniara alde egitean, Efeson utzi zuen Timoteo bertako elizaren arduradun. Gutunean aholkuak ematen dizkio bere karguan nola jokatu behar duen adieraziz.
Lehen aholkuetatik (1,3) azkenekoetara (6,20-21) behin eta berriro fedearen garbitasuna, fedeari eustea eta berau defendatzea aipatzen ditu, sasimaisuen espekulazioen aurka; hauek, auziak eta eztabaida hutsalak (6,4), ipuinak eta amaigabeko jatorri-zerrendak dituzte atsegin (1,4), aszetismo estuko zenbait agindu ere tartean sartzen dutelarik (4,3). Honek guztiak arriskuan jartzen du sinesmena (1,19). Beraz, Timoteoren egitekorik nagusiena irakastea da, irakaspen osasungarria (1,10), idazleagandik jaso duena, ematea; doktrina horretaz baliatu behar du etsaiei aurre egiteko (1,3), bekatu egiten dutenak zentzarazteko (5,20) eta denei aspertu gabe eragiteko (4,13).
Jainkoak eman dion dohainaz baliatzen jakin behar du Timoteok (4,14). Jainkoaren gizon (6,11) eta Kristoren zerbitzari bezala (4,6), fedearen aldeko borroka jatorrean irauteko adore ematen dio idazleak: justizia, sinesmen, eroapen eta otzantasunean saiatu behar du (6,11), fededunentzat eredu izanez (4,12); borroka hori, betiko bizitzara deitzen duen Jainkoarengan itxaropena jarriz egin beharko du (4,10; 6,12). Kristau-familiako guztiez (5,1-2), bereziki alarguntsez (5,3-16), arduratuko da eta denei burubide onak emango: emakumeei (2,9-15), esklaboei (6,1-2), aberatsei (6,17-19).
Eliz elkartea ongi antolatzen saiatu behar du, zuzendari eta diakono egoki eta akats gabeak ezarriz (3,1-13; 5,22).
Azkenik, aipa ditzagun mezu berezia duten zenbait pasarte: bere bizitzako esperientziari buruzko atala (1,12-17), gizaki guztien alde otoitz egiteko eskea (2,1-8) eta Kristorengan burutu den Jainkoaren egitasmoari gorazarrea (3,16).
Eskema
–Agurra (1,1-2).
–Sasimaisuekin kontuz ibili eta berri ona iragarri (1,3-20).
–Otoitza eta kultuaren antolaketa (2,1-15).
–Elkarte-arduradunak eta diakonoak (3,1-16).
–Timoteoren artzain-eginkizunak (4,1–6,19).
–Azken agurra (6,20-21).
|